Eskatu ezazu haragia euskaraz!

Txintxarri Aldizkaria 2008ko azaroaren 13a

Buruntzaldeako sei Udalek elkarlanean jarraitzen dute herritarrek euskaraz kontsumi dezaten sustatzeko. Buruntzaldeako Udalek martxan jarri behar duten harategien kanpaina berriaren aurkezpena egin zuten astelehenen goizean, Hernaniko udaletxean. Idurre Lukas Hernaniko Euskara Saileko lehendakariak, Ricardo Ortega Lasarte-Oriako Euskara Saileko lehendakariak eta Marifer Gorostiza Lasarte-Oriako Euskara Zerbitzuko teknikariak kanpainaren nondik norakoa eman zuten aditzera.

Harategien kanpaina Eska ezazu haragia euskaraz, lelopean aurkeztu zuten astelehenean, Hernanin eta abenduaren 17a bitartean luzatuko da. Helburu nagusia, herritarrek harategietan euskaraz eskatu dezaten sentiberatzea da, hau da, herritarrek harategietan ere, euskaraz eskatu eta erosi dezaten bultzatzea.
Buruntzaldeako sei udalerrietan hirurogei harategik egin dute bat kanpaina honekin eta Lasarte-Orian hamabik hartuko dute parte ekimen honetan eta ondorengoak dira: Ahorramás Goxo-Goxo (Kale Nagusia 36), Aralar (Aralar plaza 1), Arsuaga autoserbitzua (Oztaran Plaza 1), Goxo-Goxo (Geltoki kalea 19), Etxezarreta (Hipodromo etorbidea 2), Juan Mari (Jaizkibel Plaza 11), Justo (Zumaburu kalea 7), Larrañaga (Kale nagusia 39), Okela (Kale Nagusia 41), Okela (Hipodromo etorbidea 8), San Miguel autozerbitzua (Ola kalea 6), Urdaitegia (Goikale 5).
Marifer Gorostiza teknikariak azaldu zuenez, bigarren urtez aurkezten duten harategien kanpainak harrera ona izan du harategien artean. Honen harira, kanpainaren aurkezpenean helarazi zutenez, harategi hauek "konpromezu txiki eta praktiko bat hartu eta bideratu behar dute: erakusleihoko produktuen gainean haien izena euskaraz duten karteltxoak jartzea". Orokorrean erabiltzen dituzten produktuen izenak jasoko dituzte karteltxoak izango dira, bai haragi atal ezberdinena, bai txarkuteriakoa. Euskaraz gaztelaniazko forma euskaldundua erabiltzen denetan, azpizuna/solomiloa adibidez, bi formak jarriko dira.

Zozketa

Aipatutako harategietan ere, jendaurrean kartel batzuk ipiniko dituzte gehien kontsumitzen diren animalien despiezearekin, bezeroek jakin dezaten pieza bakoitzaren gaztelaniazko kidea zein den. Honi lotuta, bezeroek harategietan esku-orri bat eskuratu ahal izango dute zozketa batean parte hartzeko. Parte hartzen duten guztien artean 50 euroko bi sari zozketatuko dira establezimendu bakoitzean eta sariaren diru-kopurua, establezimenduan bertan kontsumitu beharko dute irabazleek.
Kanpainaren eta zozketaren informazio gehiago nahi izanez gero, www.buruntzaldea.org orrialdean aurkitu ahal izango duzue hurrengo astetik aurrera.•