Zentro Terapeutikoa Kaxkarro eraikinean

helena-ferreras 2008ko aza. 14a, 01:00

Lehengo astean inauguratu ziren zerbitzu berriak eskaintzen dituzten Gipuzkoako, Bizkaiako eta Arabako Ospitaleko, Etxeko eta Arreta Terapeutiko-Hezitzaileko Lurralde Zentroak (OET-H). Gipuzkoakoa Lasarte-Orian dago Kaxkarro eraikinean, denbora tarte luzez itxita egon ondoren eraberritu eta berriro erabiltzeko prest dago. Zentroko zuzendariarekin, Jaione Larrañaga, egon gara zentru honen zerbitzuen berri izateko.

Zein da zentroaren zeregina?
Ikastetxe hau hezkuntzako laguntza zentroa da baina orokorrean osasun arazo desberdinengatik, bai fisiko edo baita psikologikoengatik, ikastetxeetara joan ezin duten haurrei laguntza ematea da helburua.

Zein laguntza mota eskaintzen duzue?
Hiru esparru hartzen ditu beregain zentro honek. Bat ospitaleko esparrua da eta ingresatuta dauden umeei klaseak ematean datza. Ospitalean bi gela daude, bat pediatrian eta bestea psikiatrian.
Beste esparru bat etxez-etxeko zerbitzua da. Etxean dauden ikasleak atenditzen dira baita ere. Normalean gaixotasun fisikoak dituzten haurrak izaten dira baina badaude gaixotasun mentalak dauzkatenak ere, fobiaren bat edo eta medikuek esanda ezin dute etxetik atera.
Lantzen dugun azken esparrua terapeutiko-hezigarria da, hauek zentrora etortzen diren ikasleak dira. Arazo psikiatrikoak dituzten ikasleak atenditzen ditugu, batetik terapia intentsibo bat behar dutela ikusi delako eta bestetik eskolan moldatzeko zailtasun handiak dituztelako. Beraien ikastetxetan matrikulatuta daude baina bertan jaso dituzten hainbat laguntza ez dira nahikoak. Denek diagnostiko psikiatrikoak dauzkate. Goizez egoten dira hemen eta arratsaldeetan beraien ikastetxera bueltatzen dira.

Zein ume mota dira horiek?
Arazo psikiatrikoak dauzkatenak. Guk eskaintzen duguna jasotzeko ahalmena duten ikasleak izan behar dute. Konbenioaren arabera 6 eta 16 urte bitarteko haurrak dira, EAEko ikastetxe batean matrikulatuta daudenak, patologia mental larria dutenak, zailtasun handia hezkuntzan familian eta gizartean egokitzeko eta atzerapen mentalaren diagnostikorik ez dutenak.

Nork erabakitzen du haur batek hona etorri behar duen?
Normalean osakidetzaren menpe egiten dugu lan guk, sendagile batek esaten badu arrazoi ezberdinengatik ikasle batek ezin duela eskolara joan, eskaera egiten digute eta prozedimendu bat jartzen da martxan. Gai honetan hezkuntza eta osakidetzak dute zer esan, konbenio bat dago eta bi arloetako jendea lanean. Eskaera hezkuntza aldetik egin daiteke, ikastetxeak eta Berritze Guneak atzetik daudela edo osakidetzaren aldetik, baina, erabakiak bateratuta egon behar du, hezkuntza eta osakidetzak ados egon behar dute.

Zer dira Berritze Guneak?
Gune bakoitzak eskola multzo bat hartzen du eta helburu ezberdinen artean bat premia bereziak dituzten ikasleen aholkulariak izatea da. Ikastetxeei ikasle horiek atenditzeko neurriak jartzen laguntzen diete. Guk harreman zuzena dugu beraiekin, haurrei eskolan zerbait gertatu bazaie horren berri izaten dugu guneen bitartez gero taldean edo bakarka egoera lantzeko. Lan koordinatu bat egiten saiatzen gara profesional desberdinen artean ikasleen hobe beharrez.

Zer egiten dute haurrek egunean zehar?
Arreta terapeutiko intentsiboa ematen saiatzen gara, arlo kurrikularra ere lantzen dugu ahal den neurrian, baina bereziki sozializazio arloa da gehien lantzen duguna: arauak, harremanak hobetzea eta eskolako tentsio eta erronkei aurre egiten ikastea. Hainbat tailer daude eta lana horien bitartez planteatzen dugu: bat komunikazio tailerra da, arlo kurrikularrarekin lotura gehien duena, beste bat eskulanak, plastika teknologia eta horrelako arloak lantzen dituena, hirugarren bat arlo fisikoa lantzeko egiten dute, soinketa antzerkia edo psikomotrizidadea bakoitzaren egoeraren arabera eta gainera sukalde tailerra ere badago. Horretaz gain jantokia ere espazio terapeutiko bat dela uste dugu, bertan osasun eta harreman aldetik gauza asko landu daitekeelako.

Arreta pertsonalizatua da?
Etortzen direnean adaptazio fase bat dago lehenik eta ikaslea ondo egokitzen den eta nolakoa den ikusten da gero banakako plan bat egiteko. Helburu batzuk finkatzen dira, bai terapeutikoak eta baita hezkuntza aldekoak ere. Astean zehar bakarkako laguntza terapeutikoa jasotzen dute, psikologoaren aldetik, erizainaren aldetik eta gainera psikiatrak ere ikasle bakoitzaren jarraipena egiten du.•