Herritarrek proposamenak egiteko atea ireki du Agenda 21 foroak

Txintxarri Aldizkaria 2008ko azaroaren 14a

Asteazkenean, hilaren 5ean, Agenda 21 Lokalaren herritarren foroa egin zen Villa Mirentxu etxeko ekitaldi aretoan arratsaldeko 19:00etan. Bertan 20 bat herritar bildu ziren Udalak egindako deialdiari esker. Izan ere, foroa herritarren, elkarteen eta administrazioaren arteko komunikatzeko bide bat izateko asmoarekin egin baitzen, bertan elkartu eta guztion ongizate maila hobetzeko asmoarekin.

Asteazkenean 2004 urtetik orain arteko pausuak laburtu ziren, ildo estrategikoak errepasatu ziren eta akzioen egoera era azkarrean azaldu ziren. Ekainean egin zen foroa aipatu zen eta orduan zegoen jendea foroaren partetzat hartzen dituztela azaldu zuen Ricardo Ortegak edo foroan interesatuak behintzat. Bilera horretan parte hartzeko kontseiluei buruz hitz egin zen eta hauen egoera aipatu zuen Ricardok. "Eskolak udal-kontseiluaren eraketan lanean dihardute eta Hirigintza-antolamenduko kontseilu aholku-emailea dagoeneko martxan da eta taldea alkateak, Ingurumeneko zinegotziak, alderdi politikoek, auzo elkarteek, merkatari elkarteak, talde ekologistek eta foroaren izenean Joxe Usabiagak osatzen dute," azaldu zuen Ingurumeneko zinegotziak.
Ostean, ekintza planaren bete mailaren berri eman zen eta proposamenak ere aurkeztu ziren bertan hala nola, foro iraunkor bat sortzearena, gaiak lantzeko taldeak sortzea eta ekintza-planaren berrikusketa egitea.
"Orain arte emandako pausuak aintzakotzat hartuko ditugu. Etorkizunean zer egin ikusi behar dugu, landu beharreko araudia egin behar da foroaren estrukturazio eta jarraipena lortzeko. Pertsona edo elkarteak foroaren parte sentitzea lortu behar dugu eta hauek proposamenak egitea," azaldu zuen foroaren arduradunak.
"Lan-mahai batzuk egingo ditugu sentsibilizazio edo garrantzia gehien duten gaiekin: hondakinak eta zaborra, higikortasuna eta garraioak eta aurrekontu parte-hartzaileak," aipatu zuen Ricardok. Gai hauek udal batzarrak aho batez onartutakoak dira eta hauen aukeraketaren zergatia azaldu zuen ostean Agenda 21aren partaideak. Zaborrak eta hondakinen arloan iraultza egongo dela aurreratu zuen. "Plenoan onartutakoa ekimena da. 2009an atez ateko bilketa selektiboko ekintza pilotua martxan jarriko da. Lehenengo jendeari inkesta egingo zaio onarpena ikusteko, informazio kanpaina, auzokideekin bilerak etab. Ostean, egutegia egingo da material desberdinak zein egunetan biltzen diren jakiteko. Auzo batean egingo da soilik. Baina lehenengo lan-mahaia egin nahi genuen, herritarrek egon daitezen arazoak ikusi eta aztertzeko," onartu zuen Ortegak.
Bigarren mahaiarekin udaleko mugikortasun plana zaharkitua alde batera utzi eta herritarren proposamenak jakin nahi dira, ez soilik egingo diren proiektu urbanistikoen araberako planak egitea eta adibide gisa higikortasun astean ezarritako autobusa aipatu zuen Ricardok eta ostean aurrekontu parte hartzaileen mahaiari buruz zera esan zuen, "edozeren kutxa da. Adibideak eta modeloak aztertu ostean, herritarren proposamenak landuko lirateke lan mahaietan eta urtero udaletxeko aurrekontuetan herritarren proposamenak egotea gustatuko litzaiguke".
Honela mahaietan nola lan egingo den azaldu zuten Agenda 21eko arduradunek. Batetik egindako jarduerak edo egitekotan daudenak aztertuko lirateke, akzioren bat gehitu edo kendu behar baldin bada mahaiean aztertu litzateke, baita elkarteen edo herritarren proposamenak landu ere. Oraingoz, mahai espezifiko hauek egingo dira baina besteren bat egiteko proposamenak onartuko direla ere aipatu zen foroan.
Ostean, Ricardok akzio plana eguneratu behar dela onartu zuen., "foro orokorrean lana egin behar da akzio plana eguneratzeko eta diagnostiko berria egin edo dagoena berrikusi. Azken puntu honek lan gehiago dakar".
Era berean, azaroaren 19an egingo den zabor eta hondakinen lan mahai espezifikorako deialdia luzatu zien bertan zeudenei.

Zer da Agenda 21?

Agenda 21 Lokala herritarrek parte hartzeko prozesu dinamikoa da. Eztabaida eta hausnarketaren bidez herriko arazo sozial, ekonomiko eta ingurumenekoak identifikatu eta horiei iraunkorrak diren konponbideak proposatzeko helburuarekin. Asmoa bizi kalitatea hobetzea da, beti ere ingurumena eta beste komunitateak kaltetu gabe.
Horretarako Udalerriko sektore guztien parte hartzea bultzatu nahi da, udala, elkarteak, sektore ekonomikoak eta batez ere herritarrena, horrela erabakiak adostasunez hartzeko. "Jardun lokalki, pentsatu globalki" leloa oinarritzat hartuta garapen iraunkorraren aldeko lana norbanakoarengandik eta gertuko instituzioetatik hasten da eta horri kasu egin diote ekimenarekin hasteko.

Aurreko lana

Hau aurrera eramateko lehenik, prozesu batzuk gauzatu behar dira ezagutza baten gainean lana egin ahal izateko. Ingurumenaren egoera ezagutu behar da: ingurunearen eta giza ingurumenaren arteko harremana, baliabide naturalak, jarduera ekonomikoek ingurumenean duten inpaktua, ingurune sozial eta ekonomikoa, oinarrizko zerbitzuak eta abar, hau da, Udalerriko politiken berri izatea. Bestetik, bizi kalitatea hobetzeko lortu nahi diren helburuak finkatu behar dira eta gero horiek lortzeko ildo estrategikoa eta ekintza-plana edo jarduera multzoa.
Herriaren diagnostikoa egiteko 12 esparru desberdin landu dira: Ingurune sozial eta ekonomikoa, ingurune fisikoa, lurraren antolamendua eta hirigintza, sistema naturalak, mugikortasuna eta garraioak, sektore giltzarriak (edateko ura, hondakinak, energiak...), atmosferaren kutsadura, potentzialki kutsatutako lekuak, jarduera ekonomikoek ingurumenean duten eragina, ingurumenerako arriskua, herritarren sentsibilizazioa eta parte-hartzea eta herriko ingurumenaren kudeaketa eta antolamendua.
Hauek ildo estrategikoak dira eta 27 programa eta 53 akzio dituzte bere baitan. Guztiak 4 urteetan egitea aurrekusten da. Hauen egungo egoera ikusteko http://www.lasarte-oria.org/eu/html/13/170.shtml sartu eta fitxategian Iraunkortasunerako ekintza planaren ebaluaketa testuan aurki ditakezue, baita hauek aurrera eramateko dagoen aurrekontua ere.

Herritarren parte hartzea

Agenda 21 Lokala gauzatu ahal izateko herritarren parte hartzea beharrezkoa da, herriko arazo eta premiak zeintzuk diren jakiteko, egoera hobetzeko egin daitezkeen jarduerak definitzeko eta ekintza horiek aurrera nola eramango diren zehazteko.
Antolatuko diren ekintza eta jardueretan herritarrek eta gainerako aktore sozialek parte hartuko dute helburuak gauzatu ahal izateko. Hau egin ahal izateko herritarren foro finko bat sortuko da herritarrek parte hartu dezaten. •