Iazkoa baina gogorragoa izan zen lasterketa. 3. kilometroan bakarrik geratu nintzen, atzetik zetorren taldea motelegi zetorren eta aurrekoek erritmo ona zeramaten, baina ez nintzen ausartzen beraiekin joatea. Julio Rey ikusten nuen eta ez nintzen ausartzen. Eta gero harrapatu nituen 8. kilometroan, Gaintzurizketan. Baina hau egiteko indar guztiak galdu nituen eta 10. kilometroan indarrik gabe nengoen. Handik aurrera asko sufritu nuen taldean mantentzeko eta haien atzetik joateko.
Beraz, estatu mailako onenekin ibili zinen?
Bai, beraiekin iritsi nintzen 15. kilometrora arte. Hor taldea desegin zen eta nik jarraitu nien. Baina haizeak pixka bat aurpegiz jotzen zuen eta gogorra zen. Iaz baino gogorragoa benetan.
Iazkoa baina denbora txarragoa egin duzu...
Bai, iaz baino minutu bat gehiago egin dut. Hala ere, orokorrean aurtengoak marka kaxkarragoak izan direla uste dut, batez ere beroarengatik eta... haizearengatik ere.
Gehiago espero zenuen?
Nire asmoa ordu bat 5 minutu baino gutxiago egitea zen, baina lasterketa nola joan zen ikusita, ba beno nahiko ondo. 7. postua ontzat ematen dut, aurretik sartu zen jendea azkarra baita. Izenak ikusten badituzu ez daukate zer ikusirik nirekin.
Lasterketeren ostean, atsedenik hartu al duzu?
Ba berriro ere egurra emanez nabil, oraintxe bertan etorri naiz 15 kilometro egitetik. Atzo ere joan nintzen. Orain egin behar dudana da atseden aktiboa, hau da, jarraitzen dut korrika egiten baina erritmoa jaisten.
Marka hobetzeko aukerarik ikusten al duzu?
Oso zaila da. Nik 35 urte dauzkat eta batez ere motibazioa aurkitzea geroz eta gogorragoa da. Ikusten duzu margen gutxi dagoela edo bat ere ez eta esfortzu bera edo gehiago egin behar duzu aurrera egiteko. Nik orain daukadana mantentzen badut nahikoa.
Zer moduzko denboraldia egin duzu?
Ona. Luzea izan da. Urtarrilean hasi nintzen eta gutxi gora behera urtero lasterketa berdinak egiten ditut eta bost kross irabazi ditut, Ormaiztegikoa, Andoaingoa, Urnietakoa, Hernanikoa eta Lasartekoa, eta beste hirutan podiumean sartu naiz, beraz oso ondo.
Etorkizunerako asmoa zein duzu?
Atsedenaldia behar dut. Denboraldia oso luzea izan da eta atsedenalditxo bat nahi dut. Asmoak... ba ikusiko dugu. Denbora pasa ahala ikusiko dugu zer egiten dugun eta zer ez.
Zure izena eta herriarena asko entzun da egun hauetan. Harro al zaude Lasarte-Oriarra izateagatik?
Bai, noski. Gainera, nik esango nizuke txalo handia merezi dutela Ostadarrek eta sortu duen atletismo taldeak. Meritu handia dauka, zeren eta herriaren izena kanpora baitaramagu. Batzuk askotan joaten ginen geure kabuz eta hemendik aurrera ba taldean joan eta herriaren izena zabalduko dugu pixka bat.
Sailkapena zuzentzen
Arazoak zirela eta, astelehenean ezin izan genituen lasarteoriar guztien sailkapenak argitaratu TXINTXARRIn. Hona falta zirenak 17. Gonzalo Sukunza Gorritxo 1:07:26;303. Raul Tejado Muñoz 1:15:59; 476. Raul Gomez Margallo 1:17:56; 496. Iker Juanena Sanchez 1:18:10 (4.juniorra); 889. Tomas Gonzalez Bardon 1:20:51; 1083. Imanol Arteaga Aizbitarte 1:22:05; 1213. Ivan Granado Macazaga 1:22:49; 1223. Mikel Calvo Yarza 1:22:52; 1283. Javi Gil Espiño 1:23:11; 1556. Julen Ollokiegi Biurrarena 1:24:22; 1702. Pablo Ucero Arsuaga 1:24:55; 2090. Oscar Gandia Pascual 1:26:26; 2215. Rafa Ruiz Atxiaga 1:26:52; 2503. Luis San Millan Aparicio 1:27:53; 3181. Haitz Corcuera Izagirre 1:29:57; 3460. Iñaki Sodupe Nogues 1:30:49; 3533. Unai Ugartemendia 1:31:05; 6776. Julen Vega Marin 1:40:07; 7948. Edu Galardi Mendiluze 1:43:32 eta 9146. David Bernabeu Larre 1:47:27. •