Hendaiatik kanpo dabil aspaldian, baina larunbat arratsaldean Iparraldeko I. Bertsulari Xapelketako finalean arituko da Miren Artetxe. Hendaian aurkitu dugu aste honetan, baina azken urteotan Gasteizen egon da ikasten eta Bartzelonan ere bai ikasketa amaierako master bat egiten.
Zer moduz doa Iparraldeko Xapelketa?
Jende asko joan da saioetara. Horregatik bakarrik ondo. Hiru kanporaketetan bataz beste berrehun bat lagun egon dira.
Bertsozale kopurua gora al doa azken urtetan Iparraldean?
Bai dudarik gabe.
Iparraldeko bertsolaritza aldatu egin da bertso eskoletatik ateratako gazteak hasi zaretenetik. Nola ikusten duzu?
Garai batean nahiko estankatuta izan zen, Xalbador eta Mattin-en garaiaren ondoren, Alkat hil berria eta beste batzuek baziren tarteko, baina,... orduan hasi ginen gu, gaztetxoak, gero eta gazte gehiago. Orduan egindako lana orain ari da ikusten.
16tik zortzi finalean, erdiak. Erraza izan al da?
Ehuneko 50eko posibilitatea zegoen. Txanpon bat botatzea bezala izan da.
Nola ikusi zure burua?
Nahiko herdoilduta. Azkenaldian kanpoan denbora dexente eman dut. Aspaldi saio serio bat egin gabe, eta herdoildu xamar, baina ondo. Egia esan ez daukat anbizio handirik. Hasieran urduri xamar nintzen, baina gero lasaitu nintzen eta...
Finalean sartu zara. Zein asmo duzu finalerako?
Nire presio bakarra finalean sartzea zen. Ez daukat burua batere bertsotarako jarria, beste toki batzutan daukat. Euskal Herrira etorri berria naiz. Orduan saio on bat eginez gero gustura, eta espero dut kaka handirik ere ez egitea.
Gogotsu al zoaz?
Bai Iparraldeko finala da, saio berezia izango da, jende asko joango da ikustera, eta nahiko nuke iparraldeko finala saio polit bat izatea. Hori da nire motibazioa.
Faboritorik ba al duzu?
Amets esango nuke. Amets eta Sustrai beti egon dira aurrerago eta bietatik bat esatekotan, Amets. Baina gazteak ere indartsu datoz.
17na bertso kantatu beharko dituzue, luze eta gogorra izan daiteke finala, gainera zortzi lagunen artean izanda, ezta?
Gogorra izango da, guretzat eta entzulearentzat ere bai. Dena den, nik nahiago dut 17 bertsoko saio bat 12koa baino: diesela naiz, arrankatzea kostatzen zait.
Bi neska finalean, iparraldean ere bazabiltzate emakumezkoak kantari. Zer hausnarketa egiten duzu horri buruz?
Ba hausnarketa bakarra da, denbora badoala aurrera, agian behar baino polikiago, baina ari da aurrera egiten.
Nafarroako final batean izan zinen 2003an gazteagoa zinela, 18 urterekin. Ze alde dago orduko txapelketa hartatik honetara?
Urteak pasa direla. Eta,... nik uste urduriago egongo naizela honetan aurrekoan baino. Garai batean lotsa gutxiago neukala uste dut.
Eskola artekoetan eta gazte txapelketatan askotan aritu zara eta sari batzuk lortu ere bai. Zure bertso ibilbidean ba al duzu oroitzapen berezi edo gozoren bat?
Behin Joxe Agirrerekin joan nintzen Algortara kantatzera eta berak autorik ez zuenez bere bila pasa nintzen Azpeitira, berarekin joan nintzen Algortaraino eta berarekin bazkaldu nuen. Horixe.
Non eta nola hasi zinen bertsotan?
9-10 urterekin hasiko nintzen ikastolan, duela 14 bat urte.
Eta non entrenatzen zara?
Inon ere ez. Gasteizen bizi naiz bertsotan dakiten lagun batzuekin, baina ez gara aritzen.
Ikasketak bukatu al dituzu?
Bai. Euskal Filologia egin dut Gasteizen: ikasgairen bat geratu zitzaidan eta Bartzelonara joan nintzen master bat egitera. Lehenago bukatu behar nuen baina iraila honetan bukatu dut. •