“Jantzitegi” zerbitzua martxan

jon-altuna 2008ko azaroaren 17a

Ttakun Kultur Elkarteak eta Landaberri Antzerki eskolak jantzi biltegi bat sortuko dute antzerki, parodia, inauteri edo txokoetan mozorrotzeko behar dituztenei eskaintzeko. Bultzatzaileek, hasteko, herritarrei deia luzatu die etxean gordeta dituzten arropa zaharrak eta erabiltzen ez dituztenak eman ditzaten. Bildutako guztiaren zerrenda egingo da eta hilabete batzuk barru zerbitzu hori eskaintzeko moduan izango dira, hau da, jantzi horiek behar dituztenei fidantza baten truke utziko zaizkie.

Denetarik jasoko da Ttakun eta Landaberri Antzerki Eskolak sortuko duten jantzi biltegian, era guztietako arropak eta baita oro har, oinetako, boltsa, zapi, betaurreko, mozorro edo antzerki emanaldi, parodia, inauteri eta bestelako festatarako baliagarri izan daitekeen edozer.
Ttakun Kultur Elkarteak eta Landaberri Antzerki Eskolak elkarlanean bultzatutako ekimena izan da, hain zuzen ere, bien behar batetik sortua. Antzerki lanetarako, Santa Ana eguneko parodiarako, euskararen maratoirako, Ttakuneko haurren eta gazteen Txokoetako festetarako, eta oro har, mozorrotzea eskatzen duen edozein ekitalditan erabiltzeko beti izan da jantzi eta bestelako osagarrien beharra. Horri aurre egiteko egin dute bi taldeek deialdia.

Denetariko arropak

Beraz, antzerkirako baliagarri izan daitezkeen gauzak etxean sobera dauzkatenei eskatzen zaie, bota beharrean Ttakuneko biltegira eramateko. Han oso pozik jasoko dituzte, eta erabili nahi dituenari utzi ere bai.
Hasteko urrian burutu zen Euskararen VII. maratoian erabilitako arropak jaso dituzte biltegian eta gerora uzten diren guztiekin osatuko da "jantzitegia". Arropa guztiak katalogatuta egongo dira, gero eskaerei azkar, ahalik eta modu egokienenean erantzuteko.
Biltegia momentuz, ostegunero goizeko 9:30etatik 11:30etara egongo da zabalik Erribera kalean Ttakun-ek duen lokal zaharrean. Arropa emateko prest daudenak bertatik pasa beharko dira ostegun goizean aipatutako orduan.

Eman edo utzi

Jantziak emateko bi modu izango dira. Behar ez dutenek eman dezakete eta behin eman eta gero, biltegikoak izango dira betirako. Baina posible da biltegian uztea baina jabetza mantenduz. Hau da, arropa horiek jabea izango dute, baina biltegiak erabiltzeko aukera eskainiko du.
Jantziak fidantza baten truke utzi egingo dira eta baldintza batzuk jarriko zaizkie jantziok alokatzen dituztenei itzultze-momenturako. Arropak osorik, garbi eta txukun itzuliz gero, aurreratutako dirua berreskuratuko da.

Katalogatuak

Bildutako arropa eta osagarri guztien zerrenda egin eta katalogatu egingo dira, une oro zer dagoen eta zer ez jakin ahal izateko.
Biltegiaren sorrerak bi funtzio beteko ditu, baterik Ttakun eta Antzerki Eskolaren beharrei erantzutea eta bestetik jantzien beharra duen edozein, herritar, elkarte, konpartsa edo talderi zerbitzu hori eskaintzea. •