"Arkitektura teknikoa egin nuen, Erasmus laguntza eman zidaten karrera amaierako proiektua egiteko eta bertan egin nuen, Angleten. Frantzian duten praktika egiteko modua gustatu zitzaidan. Espainia mailan ez dago ikasketak jarraitzeko ezer, gertuena iparraldekoa zen eta bertan geratu nintzen 4. eta 5.maila ikasteko", esan digu Arantzak.
Honetaz gain, zera atxikitzen du, "han aukera asko dago. Esan bezala, Herri-lanetako eta Etxebizitza arkitektura jarraitzeko aukera dago, praktika asko eginez gainera. Urtean zehar bost hilabete egiten ditugu praktiketan. Ni udaran Suitzan egon naiz, Toulousen ere egon nintzen eta mundu guztian egon dira beste ikasleak, hala nola, Nueva Yorken edo Irlandan. Bost urte eta bi praktikekin bukatzen dituzu ikasketak eta erantzukizuneko praktikak dira, hemengoekin alderatuta ez da gauza bera."
Arotz tailerra Kanbodian
Arantza eta bere 32 ikaskideek Laminak elkartea sortu dute karrera amaierako proiektua egiteko.
"Laminak ISA-BTPko IX. promozioko ikasleek sortu dugu. Proiektua aurrera eramateko, gela taldeetan banatu da. Ni komunikazio arloan nago eta Hego Euskal Herriko harremanak eramaten ditut, beste taldeek finantzaketa, eraikuntzaren planoak etab egiten dituzte. Orain, baliabideak bilatu behar ditugu proiektua egia bilakatzeko," esan digu ikasleak.
Taldearen ideia Asia hego eta ekialdeko herrialde bati laguntza ematea zen eta azkenean Kanbodian arotz tailerra eraikitzea erabaki zuten. “Arotz tailer hau ikasleek praktikak egiteko erabiliko da eta beharrezkoak dituzten makinekin gainera”, azaldu digu Arantzak.
Honela tailerra l'École du bois, Zuraren eskola proiektuaren barruan dago kokatua. Hau Les Enfants du Sourire Khmer elkartearen proiektuetako bat da eta zailtasunak dituzten haurren alde egiten dituzten ekimenetako bat da.
"Gure elkartea Les Enfants du Sourire Khmer elkartearen proiektura batu zen, orain teoria gela egiten ari dira eta ia bukatua dago. Quebeceko irakasle bat joan zen bertara eta hango herritarrak hezitzen ari da. Urte bete egon da eta ostean guk bidaiatuko dugu. Guk arotz praktikak egiteko eraikuntza eraikiko dugu. Egurra erabiltzeko eskola da", esan digu.
Eskola Kompong Seutik bi pausora eraikiko da eta honi esker bertako umezurtz eta haur behartsuei etorkizunerako hezkuntza eman ahalko zaie.
"Umezurztegia dago bertan. Haurrak 14 urtera arte ikasten dute eta gero ez daukate beste baliabiderik. Bere mundura bueltatu behar dira. Beraz, ikasketak emango zaizkie eta aurrerago beste proiektu bat egingo da, txalupa bat izango da egurraren trafikoa garatzeko," aipatu du lasarteoriarrak.
Arantzak esan bezala, proiektuaren gela teorikoa dagoeneko eraikia dago eta azaroan irekiko ditu bere ateak. Hurrengo txandan tailerra eta barnetegia doaz. Laminak arotz tailerra eraikitzeko konpromezua hartu zuen eta 2009ko apirilatik maiatzara taldea Kompong Seura joango da tailerra eraikitzeko.
"Eskolak bultzatutako ekimena da, bere izenean goaz, baina gure proiektua da. Laguntzen digute noski eta irakasleak joango dira ebaluaketa egitera, baina guk lortu behar dugu guztia," esan digu Laminakeko kideak eta honetaz gain, "apirilean goaz, lau asterako. Momentuz gure baliabideekin eraikiko dugu, baina ziurrenik aurrerago bertakoei laguntza eskatuko beharko diegu."
Eraikuntza proiektu honetaz gain, Arantzak kultura trukea egiteko esperientzia paregabea izango dela onartu digu, "ostatutan egingo dugu lo eta otorduak umezurztegian egingo ditugu, beraz hango mundua ikusiko dugu."
Finantzaketa lortu
Proiektuak 85.000 eurotako aurrekontua du eta esan bezala taldeak finantzaketa bilatu behar du. %50a eskola eraikitzeko izango da eta beste erdia gazteen bidaiarako eta aroztegi tailerreko tresnak eskuratzeko.
Oraingoz, 30.000 bat euro lortu dituzte. Arantzak azaldu bezala, "bi urte hauetan bi tarte teoriko eta bi tarte praktiko ditugu. Beraz, abendura arte teoria dugu eta urtarriletik aurrera enpresetan gaude. Honela, enpresa hauek dirulaguntzak eman dituzte.
Honetaz gain, autofinantzaketa lortzeko ekintzak ere egin ditugu, ingenieritzako proiektuak egin, dendetan lan egin, etab. eta herritarren laguntzak ere izan ditugu. Eta diruaz gain, Frantziako enpresa batek tailerrerako makinak emango ditu."
Proiektuari buruz gehiago jakiteko edo laguntza emateko, associationlaminak.free.fr orrialdea sortu dute ikasleek. Arantzak esan digunez, oraingoz informazioa frantsesez dago, baina aurki euskaraz eta gazteleraz ere egongo da.•