Musika eta umorea larunbatean

Txintxarri Aldizkaria 2008ko azaroaren 17a

Larunbat iluntzean aukera ezberdinak zeuden kulturaz gozatzeko. Alde batetik hilero Jalgi kafe-antzokian antolatzen den jam sesioaren barruan, Anna Valentina hirukotea izan zen gonbidatu berezia. Hirukote honek jazz-a eta swing-a lantzen du, beste estilo batzuen artean.
Hirukoteak berak eman zion hasiera jam sesioari; oholtza gainean, eta hasteko, honako musikariak izan ziren: Anna Valentina (Ahotsa), Michel Bennet (Gitarra) eta Patxi Villanueva (Baxua). Hauekin, Josu Etxeberria (Ahotsa) eta Jokin Telleria (Bateria). Giro politta sortu zen Jalgin, jende asko bildu zen musikaz gozatzeko asmoarekin.

Naibanen bakarrizketa

Kike Biguri izan zen Sasoetako Naiban tabernan bakarrizketa eder batekin. Jende asko bildu zen bakarrizketa entzutera. Kikek errepasoa egin zion gaur egun puri-purian dauden zenbait gaiei. Algara ederrak sorrarazi eta txalo zaparrada ederra jaso zuen zorioneko futbol taldeen eta jokalarien errepasoa egin zuenean. Egunerokotasuneko gaiei ere heldu zien, batez ere bikoteen harremanei. •