2008a "Ekialdeko Saharan giza eskubideen babesaren aldeko nazioarteko urte" izendatu dutela eta, Euskal Fondoak burutu dituen iharduera eta egitarauaren barruan antolatu da erakusketa.
Asier Bastidaren lana
Asier Bastida argazkilari profesionala da, zenbait komunikabiderentzat egin du lan. 2007ko otsailean egon zen Saharako errefuxiatu-zelaietan. Bastida berak kontatu digunez, "emaztea egon zen aurrena kanpamenduetan eta berak esan zidan merezi duela hango egoera ezagutzeak. Hamar egunetan ia kanpamendu guztiak pasa nituen. Argakien bidez saharauiarren erresistentziari omen egiten saiatu naiz, beti ere, beraien eguneroko bizitzaren ikuspegitik". Argazkilaria beraien egunerokoa bizitza isladatzen saiatu da, baina errukirik eragin gabe. "Ez dut nahi inork argazkiak ikusi eta "ze pena" esaterik nahi. Bizitza oso arrunta eta oso duina daukate. Borrokalariak dira, mundu guztiak bezalaxe bere gauzak dituzte. Ez dut Saharako egoera politikoa ekarri nahi izan, hori ezaguna da. Egunerokoa isladatu eta bizitza horren hausnarketa ekarri nahi izan dut.
Erakusketaren aurretik liburu bat ere argitaratu zuen argazkilariak Gasteizko Udalaren laguntzaz. "20 urte amets bat eraikiz” liburuan 56 argazki eta hogei lagunen testuak jaso ziren, besteak beste Kirmen Uribe, idazlearena, Mikel Urdangarin abeslariarena, edo Jose Angel Cuerda alkate ohiarena. Daira de la Guera saharauiarren herriaren eta Gasteizen arteko 20 urteko anaidetzea ospatzeko argitaratu zen liburua.
Argazki kamara digitala erabiltzen du Asier Bastidak, irudiak koloretan ala zuri beltzean jasoz. Bietatik dauzka erakusketan: "argazkilari klasikoa naizela uste dut. Zuri beltzak koloreak ez duen sakontasuna dauka. Bestalde, beste kasu batzutan desertuko kolorearen indarra eta edertasunaren aurrean ez du zentzurik zuri beltza erabiltzeak.
Denetariko argazkiak daude: paisajeak, erretratoak, eguneroko irudiak,... saharauiarrak egunero bizi diren tokian. Argazkilariak argazkiak begiratzeko gonbidapena luzatu die lasarte oriarrei, “argazkietan dago nire lana, argazkiek sortu behar dute sortzekotan sentsazioren bat”.
Asier Bastidak eskonomia ikasi zuen, baina argazkilaritza zuen gustuko eta ikasten ari zelarik hasi zen zaletzen. Gero eta argazki gehiago ateratzen zituen eta piskanaka argazkilaritzan hasi zen lanean. Hori zelako asetzen zuena. Hamabost urte daramatza argazkilari gisa, zenbait medioetan lan egin du eta orain fotokazetaritza erabat baztertu gabe, publizitaterako irudiak egiten ditu. "Gustuko dut argazki kazetaritza eta denbora dudanean nire lantxoak egiten ditut" esan digu.
Ez da bere lehenengo erakusketa. Egin zuen lehen lan sakona, Lisboa hiriari buruzkoa izan zen. Gero etorri zen Saharakoa eta orain Bulgariako etorkin familia bati buruzkoan ari da lanean. Han eta hemen familia honi argazkiak ateratzen dihardu eta laster gauzatuko da egitasmoa. "Dena den ez naiz beti bidaiatzen ari den argazkilari horietakoa" esan digu. •