Horrelako egoeratan gurasoek ardura handia dute eta deskantsatzeko denbora gutxi seme-alabekin eguneko zatirik gehiena pasatzen dutelako. Horregatik joaten dira boluntarioak ospitalera, haurrekin egotera senitartekoek beraien gauzak egiteko denbora izan dezaten "gure asmoa familia arteko bizitza eta bizitza soziala berreskuratzea da".
Laguntza eta lankidetza
Horretaz gain, elkarteak sendatu diren haurrekin ere egiten du lan. Hamabostean behin gutxi gora-behera Txarako eraikinean biltzen dira tailerrak egiteko, margotzeko, mozorroak egiteko eta abar. Noizbehinka ere irteerak antolatzen dituzte, haurrei izugarri gustatzen zaielako lagun artean toki ezberdinak ezagutzera joatea. Egun pasa akuariumera edo Miarritzera joan dira dagoeneko eta asteburua pasatzera Calafellera. Hala ere, aurten, pixka bat baztertuta utzi dute lan hau larunbatean ospatu zuten jaialdia antolatzeko.
Ekintza hauek egiten dituzten haurretako batzuk tratamenduarekin daude baina gehienak sendatuta dagoeneko. Hala ere, gaixo daudenek ezin dute horrelakorik egin, hori dela eta bilera bat egingo dute elkartekoek ospitalean dauden haur horientzat ekintza gehiago prestatu nahi dituztelako. Orain ospitalera joaten dira beraiekin egotera baina zerbait gehiago egiteko asmoa daukate. Ingresatuta daudenekin eta besterik ez froga batzuk egitera doazenekin egoten dira, adibidez, analisi batzuk egiten dituen haurra emaitzen zain dagoen bitartean, Aspanovaseko boluntarioak beraiekin egoten dira zibergelan ordenagailuekin jolasean.
Gainera haurrak ingresatuta dauden bitartean ahalik eta laguntza gehien ematen saiatzen da. Ospitaleko ohiko hain fama txarreko janaria ez jate arren kafetegiko jana ematen diete. Orokorrean haurren bizitza errazten saiatzen dira.
Zerbitzu gehiago
Patriciak esan zigunez, etxerako zerbitzua ere egiten dute "haur guztiak ez daude ospitalean, batzuk etxean daude eta hara ere joan gaitezke beraiekin egon eta jolastera". Patriciaren ustetan jendeari arrotza suerta dakioke ezezagun bat etxean sartzea baina laguntza honekin gurasoak lasaiago egon daitezke "tarte batez behintzat ardura hori kentzen diegu". Elkarteko jendea laguntzeko prest dago, gehienek horrelako egoera bat nahiko gertutik bizi izan dute eta ezagutzen dute egoeraren gogortasuna.
Jaialdia
Elkartearen hamargarren urteurrena ospatzeko larunbatean Kursaalen bildu ziren ekitaldi desberdinak antolatuta. Haurrentzat momentu bereziena Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen antzezpena izan zen. Haurrek asko disfrutatu zuten, batez ere ikuskizunean parte hartzeagatik, beraiekin dantzatu baitzuten aktuazioan zehar. Hilabete hauetan egin duten lana oholtza gainean plazaratu zuten larunbatean haurrek eta arrakasta handiarekin gainera. Pailazoek minbiziaren gaia landu zuten, naturaltasunez eta era positibo batean.
Arratsaldean, beste batzuen artean, Zero Sette Akordeoi Orkestra eta Erketz Dantza Taldea izan ziren Kursaalen. Lasarte-Oriak ordezkari onak izan izan zituen Aspanovasen 10. urtebetetzean, arro egoteko modukoak.
Eskerrak
Boluntario lanerako inoiz ez dago jendea soberan eta Aspanovasen ere zure laguntza pozik jasoko dute. Boluntarioen artean giro polita dago eta haurrekin oso ondo pasatzen dute jatorrak eta oso atseginak direlako.
Aspanovasek esaten duenaren arabera, minbizia duten haur asko tratamenduaz gain, euren adinerako ohikoak diren ekintzak egiten asko hobetzen dira. Ahal izanez gero eskolara joatea, familia eta lagunekin egotea eta abar onuragarria da haurrarentzat eta elkartea horretan laguntzen saiatzen da.
Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsi eskerrik beroenak bidali nahi dizkiete elkartetik lan handia egin dutelako laguntzeko. Ospitalera joaten dira eta dirua biltzerako orduan ere kolaboratzen dute. Aspanovasek mahaiak jartzen ditu pailazoen ikuskizunetan herriz herri doazenean materiala saldu eta dirua biltzeko baina gainera, haurrak liluratuta dauzkate.•