Euskal Fondoak antolatu du Saharari buruzko erakusketa Ekialdeko Saharako giza eskubideen aldeko urtea delako. Argazkiak Asier Bastida argazkilariarenak dira.
Asierrek hamar egunetan Saharako kanpamentuetan jasotako argazkiak bildu ditu. Erakusketa zabalik egongo da hilaren 28ra arte, astelehenetik ostiralera arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara. Argazkilariak berak aitortu duenez, Saharako errefuxiatuen kanpamenduetan eguneroko bizitza nolakoa den jaso du irudietan, Saharako herriaren eguneroko erresistentzia omendu nahi izan du argazkien bidez.
2007ko otsailean egon zen Asier Bastida Gasteizko argazkilaria Argeliako desertuan saharauiarrek dituzten errefuxiatuen kanpamenduetan. Guztira, 31 argazki erakutsiko dira Manuel Lekuona Kultur Etxean, 20 zuri beltzean eta 11 koloretan. Irudietan, herri nomada hori bizirik dela, amets egiten duela eta helburu horretarantz abiatu dela erakusten da: Erakusketaren antolatzaileek adierazi dutenez saharar herriaren egoera salatzen da batetik, baina herri honen bizimodua, erresistentzia eta herritarrak eurak ere omentzen dira argazkien bidez, “eurak dira irudi hauetako protagonistak”.
2008a "Ekialdeko Saharan giza eskubideen babesaren aldeko nazioarteko urte" izendatu dutela eta, Euskal Fondoak burutu dituen iharduera eta egitarauaren barruan antolatu da erakusketa.