Zaborrarekin negozio egiteari STOP!

Txintxarri 2008ko azaroaren 21a

Zabor tasen igoerak onartzen ari dira Gipuzkoako hainbat udaletan. Igoera batzuk %50koak dira (egia da ere igoera guztiak ez direla diru kopuru beretik abiatzen). Hala ere, salbuespenak salbuespen -horra Zarautz eta Azpeitiko kasuak-, birziklatu eta zabor gutxi sortzen duten herritarrek eta zabor asko eta birziklatzen ez duten herritarrek berdin-berdin ordainduko dute. “Berdintasun” hori ez zaigu batere zuzena iruditzen. Azken batean, birziklatze ekimenetan parte hartzen duten herritarrei zigortzen ari zaie, zigorra baita zaborrarekin axolagabe jokatzen dutenek bezainbeste ordaintzera behartzea. Garbi dago tasa berdintasun hori ez datorrela bat hainbestetan entzun dugun “kutsatzen duenak ordain dezan” leloarekin.

Foru Aldundiak, Gipuzkoako zabor tasen ordainketa udal autonomiaren gainetik kontrolatu nahian, Kontsortzioa ezarri nahi du. Horretarako, A-8 autopistan Bidegirekin egin zuen antzeko estrategia jarri du indarrean. Estrategia horren helburu nagusia errauskailua ordaintzeko dirua biltzea da, errauskailua garesti baino garestiagoa baita.

Tasen igoera handiak justifikatzeko, zaborra urrutiago dauden zabortegietara eraman behar dela eta, ondorioz, garraiatze gastuak nabarmen garestitu direla esan digute. Baina hori aitzakia hutsa da. Izan ere, Donostia eta Hernani zabortegitik distantzia berera daude, eta, hala ere, Donostiako tasa 105 eurokoa izango da eta Hernanikoa, berriz, 90ekoa. Alde ederra. Baina garraioa aitzakia hutsa dela ageri-agerian uzten duen kasurik argiena Azkoitikoa da. Lapatxeko zabortegitik 6 kilometrora dago Azkoitia, eta, hala ere, tasa 138 eurokoa izango da.

Bestalde, Zubietako errauskailua eraikitzen baldin badute, Gipuzkoako zaborrek bide luzeagoa egin beharko dute, garraio gastoak gora egingo du eta Kontsortzioak tasak garestitzeko aitzakia berriak izango ditu. Gogora dezagun, bide batez, zaborrak sortzen diren lekutik ahalik eta gertuen tratatu behar direla. Hori iraunkortasun ekologikoaren urrezko arauetako bat da. Hemen, baina, ez da betetzen ari.
Tasa igoerak benetan distantziek justifikatuko balituzte, zergatik ez eraman Debagoienako zaborrak Jundizera, Gasteizera, alegia. Izan ere, A-1 errepidearen bidez, Debagoiena eta Gasteiz bitartean dagoen distantzia Debagoiena eta Zubieta bitartean dagoenaren erdia da. Gainera, Jundizera eramanez gero, Zubietan baino askoz tratamendu merkeagoa eta ekologikoagoa izango lukete.

Igoerak justifikatzeko Foru Aldundia erabiltzen ari den beste argudioa honakoa da: “Zaborrak kudeatzeko sistema berri bat ezarriko dugu”. Ez da egia. 2009an, Gipuzkoako zaborren kudeaketan ez da berrikuntza nabarmenik izango; zaborrak zabortegietara eramaten jarraituko dute. Berrikuntza bakarra Lapatxeko konpostatze planta txikia da. Bataz beste bi milioi euro inbertitu dituzte proiektu horretan. Ez da, ez, tasa igoerak justifikatzeko moduko diru kopurua.

Baina kezka arrazoiak ez dira hor bukatzen. Foru Aldundiak honako “mehatxua” ere egin die gizpuzkoarrei: tratatutako zabor tona bakoitzeko, 117 euroko tasa. Garesti iruditzen zaigu, baina, egia esan, gaur egun, bat, bi eta hiru laguneko familia asko, ahal duten (eta uzten dieten) guztia birziklatzen dutenak, diru kopuru hori ordaintzen ari dira. Ezetz? Kalkulu txiki bat egin dezagun, ba. Papera, ontziak, oihalak eta pilak birziklatzen baditu, hiru laguneko familia batek bataz beste 900 gramo zabor sortzen ditu eguneko; hots, 300 gramo laguneko eta eguneko (goitik jotzen ari gara).
Familia horrek, urtean, zabortegira eramateko moduko 328 kilo sortzen ditu. Beraz, Foru Aldundiak ezarri nahi omen duen prezioaren arabera (arestian aipatutako 117 euro tonako), familia horrek 38 euro ordaindu beharko lituzke. 2009an hiru aldiz gehiago kobratuko diote, ordea. Eta, esan bezala, igoerek jarraituko dute.

Beraz, Kontsortzioaren atzean, oroz gain, herritarren poltsikoetatik diru gehiago ateratzeko asmoa dago. Zertarako? Errauskailua eta berekin dakarren zaborren tratamendu sistema garestia ordaintzeko.

Bukatu aurretik, detailetxo bat: “berdintasuna” ezarriz, Foru Aldundiak bere Zabor Plana urratu eta tasak bakoitzak ekoitzitako zabor kopuruaren arabera kobratzeko konpromisoa “ahaztu” egiten du. Honela, birziklatze programetan borondate onez parte hartzen duten eta hainbat material baliotsu musu truk ematen dituzten herritarrak tasa bidez zigortzen dituzte. Asko dutenak eta beharbada zabor gehiago ere sortzen dutenak, berriz, sozietate- eta ondare-zergak jaitsiz saritzen dituzte, baita onura fiskalak emanez ere. Horra aurrekontu publiko neoliberalak berdintzeko artea. “Aurrekontu publiko neoliberalak”, esan dugu, baina, beharbada, “betiko eskuinaren aurrekontuak” esango bagenu, den-denok hobeto ulertuko genuke.

Juan Mari Beldarrain Eguzkiren izenean na. 15936480-x Tf 943 43 06 28 Iñigo kalea 6 Donostia