Erakusleihoen lehiaketa antolatu da

Txintxarri Aldizkaria 2008ko azaroaren 21a

Iazko etenaren ostean, Lasarte-Oriako merkatarien elkarteak, Aterpeak, Lasarte-Oriako Udalaren laguntzarekin, erakusleiho lehiaketa antolatuko du berriro ere.

Abenduan zehar egingo den erakusleiho lehiaketa Gabonetako egunetan sektorea dinamizatzeko asmorekin antolatu da. Honela, Aterpeak eta Udalak parte hartzera animatu nahi dituzte Lasarte-Oriako saltokiak.

Lehiaketaren arauak

Lasarte-Oriako merkataritza-establezimendu guztiek parte hartu ahal izango dute lehiaketan. Saltokien erakusketa epea abenduaren 9tik 19ra bitartekoa izango da, bi egun horiek barne.
Bestalde Aterpeak jakin arazi du, erakusketa epearen barne lehiakideen saltokiek argiztatuta egon beharko dutela ixteko ordura arte lanegunetan, eta gaueko bederatziak arte jaiegunetan eta jaiegun bezperetan.
Gainera, arauek dioten bezala, lehiaketa honetan parte hartzea ez da bateraezina beste batzuetan parte hartzearekin.
Sariak emateko garaian erakusleihoetan argiztapena, produktuaren kontrastea, originaltasuna eta sormena kontuan hartuko dira. Gainera, erakusleihoak saltokiarekin harremana duen produkturen bat edo batzuk izan beharko ditu. Lehiaketaren irabazleek diploma bat jasoko dute agiri moduan.
Epaimahaia dekorazioko profesional batek, Merkataritza batzordeko lehendakariak edo honek esku uzten dionari eta Aterpeak izendatzen duen pertsona bat osatuko dute.

Izena-ematea

Parte hartu nahi duten saltokiek abenduaren 5a baino lehen egin beharko dute izen-ematea 637 955 030 edo 943 366 228 telefono zenbakietara deituta. •