Merkealdietan hizkuntza-berdintasuna

Txintxarri Aldizkaria 2008ko azaroaren 21a

Gero eta gehiago dira bi hizkuntza ofizialen erabilera zuzena egiten duten enpresak. Eta horri esker kontsumitzaileak, nahi izanez gero, euskaraz jaso dezake zerbitzua.

Gogoratu, bestalde, abenduaren 22ko 6/2003 Legearen VII. kapituluaren hasierako 37. artikuluaren arabera, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek eskubidea dutela ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz nahiz gaztelaniaz jasotzeko.
Era berean, Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan kokatzen diren enpresa edo establezimenduekin dituzten harremanetan, ofizialak diren bi hizkuntzetako edozein erabiltzeko. Hala ere, ezarritako progresibotasun-baldintzen baitan dago eskubide hori egiaz gauzatzea.
Lehendik aipaturiko legearen garapenaren barruan, Dekretu berri bat onartu dute uztailean, zerbitzuzko enpresek eta hainbat establezimenduk hizkuntzaren erabilera zuzena egin dezaten dirulaguntzak aurreikusten dituena.
Euskara Batzordeak jakin arazi duenez, aipaturiko dekretuak ez ditu Lasarte-Oriako establezimenduak bete-betean ukitzen, baina bai zeharka, kontsumitzailearen taldea toki guztietan dagoela kontuan izanda.

Ekintza eta helburuak

Gauzak honela, Udalaren asmoa herriko establezimenduak maila linguistikoan egunean jartzen laguntzea dela azaldu dute Euskara Batzordetik.
Oraingoan Gabonak aldera izaten diren beherapenekin loturiko errotulaziorako elementuak dira Lasarte-Oriako udalak establezimenduen eskuetan jartzen dituenak.
Ekintzaren helburua hirukoitza da, batetik dendariari bere zerbitzua euskaraz eman dezan bitartekoak ematea, bestetik bezero euskaldunei herriko establezimenduen paisaian euskara gehiago ikusita, euskaraz egitera bultzatzea eta, azkenik, bezero erdaldunei paisaian euskara ere modu naturalean ikustera ohitzea.

Materiala

Horregatik, asteazkenean, Ricardo Ortega Euskara Batzorde buruak eta Marifer Gorostiza Euskara saileko teknikariak, Lasarte-Oriako udalaren izenean, herriko 29 establezimenduri elementu desberdinak banatu zizkieten Manuel Lekuona kultur etxean egin zen ekitaldian.
Materialaren artean, orain/lehen karteltxoak eskuratu dituzte dendariek prezioak zuzen iragartzen laguntzeko. Hauek, erraz ezaba daitekeen errotulagailuz idaztekoak dira, behin eta berriro erabiltzekoak.
Eta, honetaz gain, Merkealdiak eta Eskaintzak iragartzeko kartel fosforito handiak ere banatu zitzaizkien.

Bestelako eskubideak

Baina eskubide linguistikoez gain, beste batzuk ere badituzte kontsumitzaileek merkealdietan, eta buruan izan beharrekoak, gainera:
- Prezioz beheratutako produktuek kalitate bera kostu txikiagoan. eskaini behar dute. Sasoiko artikuluak dira eta baldintza egokietan agertuko dira.
- Ez onartu egoera txarrean dagoen, akatsak dituen edo hondatuta dagoen produkturik, saldoa da hori.
- Etiketan aurreko prezioa eta oraingo beheratua edo beheratutako ehunekoa agertu behar dira, derrigorrez.
- Ziurta ezazu etiketa zuzen eta gaztelaniaz (edo Espainiako beste hizkuntza ofizialetako batean) irakurtzeko moduan dagoela.
- Erakusleihoetan agertzen diren eskaintzako produktuek prezioa agerian eduki behar dute.
- Eska itzazu ticketak eta fakturak; gorde itzazu, aldaketa edo erreklamaziorik egin nahi izanez gero, ezinbestekoak gerta dakizkizuke eta.
- Ticketak produktuaren izena, erosketa egin den data, prezioa eta establezimenduaren izena azaldu behar ditu.
- Urte osoan kreditu-txartelen bidez ordaintzea onartzen duten establezimenduak beherapenetan ere beste horrenbeste onartzera behartuak daude, prezioa inola ere garestitu gabe, ageriko tokiren batean bestelakorik iragarri ezean.
- Establezimendu batek urte guztian zehar itzulketak onartzen baditu. beherapenetan ere beste horrenbeste egin beharko du. Bestela, edonola jakinarazi beharko du, kartelen bidez, esate baterako. •