Gabonetako Txokoen helburua, aisian euskararen erabileraren bultzatzea litzateke eta horretarako, programazioak ekintza hezgarriak eta dibertigarriak eskaintzen dizkie haurrei, euskaraz biziz ondo pasatzeko noski.
2000 eta 2006 urte bitartean jaiotako haurrei zuzendutako txokoak dira hauek eta Amaraun ludotekan egingo dira. Bertan, haurrek mila jostailurekin gozatzeko aukera izango dute baita lagunekin hamaika jolasetan ondo pasatzeko eta ikasteko aukera ere.
Pili Bermejo Ttakuneko aisiako arduradunak aipatu digunez, "jostailu pila izango dituzte eskura eta, gainera, haurrak betiko jolasetan, hala nola, ezkutaketa, Xagu txiki, xagu maite edo txapak, jardungo dira. Oso dibertigarria izango da."
Honetaz gain, haurrek programazioan txertatutako ekintza berriak egiteko aukera izango dute, hala nola, irteerak, sukaldaritza tailerra, karaokea, bideoproiekzioak, eskulanak... Hala ere, aurreko urteko programa hain arrakastatsua izan zenez, horretan oinarrituko dira.
Bi egun gehiago
Txokoak 10 egunetan gauzatuko dira, beraz, bi egun gehiago izango dituzte haurrek lagunekin jolastu eta ongi pasatzeko.
Beraz, bi astetan zehar haurrek primeran pasako dute. Lehenengo astean, abenduaren 22, 23, 24 26 eta 27n izango dira txokoetako egunak eta bigarrenean, aldiz, abenduaren 29, 30 eta 31 eta urtarrilaren 2 eta 3a.
Honela, aisiako arduradunak jakin arazi digunez, "aurreko urteetan, ostiraletan egiten ziren ekitaldi berezi edo jaialdiak larunbatetan egingo dira. Lehenengo larunbatean umeek Ezti, Lur eta Marko Amarauneko lagunekin egoteko eta abesteko aukera izango dute eta bigarrenean gogokoen dituzten doinuak karaokean abestekoa."
Matrikula web orrialdean
Ludoteka goizeko 9:00etatik 13:30tara zabalik egongo da eta erabilera irekia izango da matrikulatzen diren haurrentzat.
Gabonetako Txokoen matrikula egiteko epea zabalik dago dagoeneko eta abenduaren 17ra arte egin ahal izango da. Haur kopurua berrogeira mugatu da aurten.
Informazio gehiago nahi duenak Ttakun K.E.ko bulegotik pasa (Geltoki kalea 4) edo telefono zenbaki honetara deitu dezala, 934 371448.
Baina, informazioa lortzeko aukera berria ere badago, www.ttakun.com, Ttakuneko web orrian hain zuzen ere. Bertan Gabonetako Txokoen informazioa izateaz gain, matrikula egiteko aukera ere izango da. •