GORA EUSKAL HERRIKO SELEKZIOA ! OFIZIALTASUNA ORAIN!

Txintxarri 2008ko aza. 24a, 01:00

Azken asteetan Euskal Herriko futbol selekzioaren gaiaren inguruan sortu den zurrunbiloaren harira, eta bereziki Jon Alkortaren eskutitza, astekari honetan irakurri ondoren, nik ere nire iritzia eman nahiko nuke.
Orain dela bi urte ikusi zen Euskadiko futbol selekzioak gabonetan, urtero lez, jokatzen zituen partiduen dinamikak ez zuela Euskal Herriko selekzioaren alde ezer aportatzen. Honen harira bai jokalariek eta baita Euskadiko futbol federazioak, gizartearen nahiari erantzunez, Euskadiko selekzioa Euskal Herriko selekzioa deitzera pasako zela adostu zuten, Euskal Herriko osoko jokalariez osaturik. Adostasun hau errealitate bihurtu zen lehengo urtean jokaturiko bi partidetan (Euskal Herria - Catalunya). Partida horietan ez zen inongo zurrunbilorik mediatikorik egon, denok ikusi genuelako ofizialtasunaren bidean, aurrerapauso bat eman zela.
Aurten aldiz, 180º biraketa bat egon da. Baina ez jokalarien aldetik, euskadiko futbol federazioa izan baita betoa inposatu duena. Jokalariek ez dute inongo betorik jarri, gizartearekin zuten hitza bete besterik ez dute egin. Zergatik lehengo urtean posible izan zena, aurten ez? Zer motatako presioak jaso ditu euskadiko futbol federazioak? Nondik jaso ditu presio horiek?. Galdera hauen erantzunak dira egoera honen larritasuna azalarazten dutenak.
Aipagarria da ere PNVko buruzagiak izan duten jarrera, jokalariak deskalifikatzen eta beraien aurka gogor joz. Jokalari batzuei aurpegiratzen zaie, manifestu hau sinatu ondoren Espainiako edota Frantziako kamisetekin jolastea. Ezin al du espainola edo frantsesa sentitzen den jokalari batek manifestu hau sinatu?. Bada, horri elkartasuna deitzen zaio. Ni ere futbolaria izango banintz, Catalunyako selekzio nazionalaren aldeko manifestu bat ere sinatuko nuke, eta hurrengo egunean arro eta inongo lotsarik gabe Euskal Herriko kamisetarekin jokatu. Jarrera hau normala izango zen alderdi espainolistetan, baina ez bere burua “abertzaletzat” duen alderdi batena. Zer irudi ari dira ematen PNVko buruzagiak? Beraiek argitu beharko diote bai gizarteari eta baita ere bere oinarri sozialari zergatik ez duten nahi Euskal Herriko selekzio nazional bat.
Gaur egun asko hitz egiten da erabakitze eskubideaz. Iaz herri honek bere hitza eman zuen eta Euskal Herriko selekzioari baiezkoa eman zion. Zein da orain herriaren hitza ukatzen duena? Bada, oraingo honetan ezin zaio Espainiar gobernuari errua bota, oraingo honetan arazoa etxean dugu.
“Euskadi” izan da euskal kirolariak banatuta lehiatzera behartu dituena: atleta nafarrak kanpoan utzi dituena, ur jokoetan ipar euskal herriko kirolariak akitaniaren koloreak defendatzera behartu dituena,… nahiz eta beraien borondatea, guztiak batera aritzearena den. Hori guztia Lakuako gobernuak eragin du.
Selekzioaren izenaz haratago, euskal futbolarien manifestuak argiki erakusten du ezinbestekoa dela zazpi lurraldeak bere baitan hartzen dituzten eta EAEkoak ez direnak diskriminatzen ez dituzten federazio propioak sortzea dela, biharko egunean, Euskal Herriko selekzio ofizial bat ikusteko bide bakarra. Guztiok batera lan eginez, bide hori egitea lortu dezakegu.

Unai Perez Balda