Herri honetako bertako bi gida izan zituzten laguntzaile egun osoan zehar. Arratsaldean, Markina eta Bolibar herriak ezagutu zituzten, baina goizean goizetik Felipe Amutxastegik besteak beste Urregarai-Igotz mendira eta Aretxinagara lagundu zien eta bazkaltzeko tokia aurkitu ere bai.
Eguraldi txarra egiten zuen eta Markinan itxita dagoen Batzokiko jangela ireki zuten bertako alkateari esker, Lasarte-Oriako bisitariek erabiltzeko. Beraz Batzokian jan zuten etxetik eramandakoa.
Karkabetako ateak
Markinan gauza bitxiak ikusteko aukera izan zuten. Euskal Herriko beste herri batzuetan bezala, alde zaharreko kaleen artean karkabak daude, eta oso dotoreak ez direnez, tallatutako ate eder batzuekin itxita dauzkate. Artisauek landutako ate dotore horiek erakutsi zizkieten bisitariei. Gero Markinako beste zenbait jauregi ikusi eta Bolibar herrira abiatu ziren.
Bolibarren Ziortzako Andre Mariaren monastegia ikusi zuten. Santio bidean dago eta monategiko klaustroaren arkuetan maskorrak ageri dira. Galtzada erromatar bat ere bada, Bolibartik barrena Conpostela aldera zihoana.
Elezaharra
Uste da eliza X. mendekoa dela eta elezahar edo ipuin bitxi bat bada honen inguruan: Itxura denez, 968. urtean, Garai auzuneko Santa Luzia elizan meza entzuten zirenek, arrano bat ikusi zuten elizako hilobi batetik buruhezur bat ahoan hartu eta mendirutz eramaten. Muino batean utzi omen zuen kaskezurra eta bertan hasi omen ziren Ziortzako eliza eraikitzen.
Bolibarren bada Simon Bolibar Hego amerikako zenbait herriren "Askatzailearen" omenezko monumentu bat ere. Espainiar kolonizatzaileen aurka borrokatu zuen Bolibarrek. Besteak besteak Peru, Bolivia, Venezuela eta Kolonbian gogoratzen dute askatzailea.
Venezuelan jaioa bazen ere bere arbasoak Bolibarkoak ziren. Hugo Chaves Venezuelako presidenteak oraindik ere sarri erabiltzen du iraultza bolibardarra, Hego Amerikako herrien batasuna eta euren borroka adierazteko.
Hurrengo irteerak
Duela hilabete batzuk Oñati eta Araotz ezagutu ondoren Oñatz taldearen bigarren irteera arrakastatsua izan da Bizkaira egin dutena. Otsailean Aranora joateko asmoa dute eta bertan babarrunak jatekoa. Beste irteera bat, Baztan aldera egin nahi du taldeak eta azkena asteburu osorako Arabara, Valderejo ingurua ezagutzeko. •