Nola joan da lehen fasea?
Lehen fasean Añorga taldea nabarmendu da. Gu Zumaiako eta Hernanirekin batera , txapeldunen faserako sailkatzeko talde faboritoen artean egon gara. Egia esan, partidatik partidara, ikusten zen ez genuela arazorik izango sailkatzeko.
Beraz, desberdintasun handiak egon dira sailkatu eta sailkatu ez direnen artean?
Inoiz ez dago partida errazik, baina beste taldeen kontra nahiko eroso jokatu eta erraz irabazi dugu.
Nola ikusten duzu Txapeldunen fasea?
Sailkatu direnen artean askok iazko fasean topatu genituenak dira eta nahiko talde indartsuak zeuden. Argi dago Beasain eta Añorga goran egongo direla. Talde gehienak iazko fasetik ezagutzen ditugu, baina urte batetik bestera taldeak aldatu daitezke eta sorpresaren bat egon daiteke. Inoiz ez dakizu zer gertatu daitekeen.
Orduan ez duzu taldea finalean ikusten ?
Goran ibiltzeko gauzak oso ondo egin behar ditugu eta gauzak ondo atera behar zaizkigu ere. Saiatu behar gara, baina, Añorga eta Beasain aurrean ibiliko direla ziur nago. Gero ikusi behar dugu ea zer aurkitzen dugun beste taldeen aurka. Hernanin kontra adibidez, ez ditugu inoiz partidu errazik izan, beti partidu borrokatuak izan dira. Hala ere, gauzak asko aldatu daitezke fase honetan. Txapeldunen fasean talde berdina etorri arren, egun txarra izan dezakegu edo gauzak ondo ez bazaizkigu ateratzen, galdu egin dezakezu. Lehen fasean irabazteak ez du esan nahi orain aukera guztiak gure alde daudenik. Fase berri hau sorpresaz beterik egoten da.
Iaz ere txapeldunen fasea jokatu zenuten, baina ez zen oso ondo atera, ezta?
Egia da nahiko kaxkar ibili ginela. Aurten sailkapenean erditik gora ibiltzeko aukerak izango ditugu. Lehenengo lauen artean, espero dut.
Gainera, urteak dira neska hauekin lanean ari garela, baten batek taldea utzi duen arren, gehienak berdinak dira. Honek laguntzen du, jokalariek urtetik urtera esperientzia gehiago dutelako.
Taldea prestatuta al dago fase berri honetarako?
Oso motibatuta daude txapeldunen fasea jokatzeko. Beraiek inoiz baino hobeto ikusten dute euren burua. Badakite pauso bat aurrera eman dutela eta ilusio handia dutela ikusten dut.
Zertan hobetu da taldea?
Hobetu baino, esperientziak laguntzen ditu. Taldeko neska batzuk duela lau bat urte hasi ziren futbolean jokatzen eta esperientzia hori aurten futbol zelaian ikusten da.
Nola ikusten dituzu taldeko jokalari berriak?
Uste dut, azkenean, animua kontagiatu egiten dela eta orduan besteak bezala ilusio askorekin daude eta gauzak ondo egiteko gogoarekin.
Urte batzuk dira Ostadarreko futboleko nesken taldea entrenatzen duzula. Herriko nesken futbolak etorkizunik duela uste al duzu?
Kadeteen taldeari dagokionez, hurrengo urtean bost bat jokalari erregionaleko taldera pasako dira eta egun talde handia izan arren, 21 bat jokalari ditugu, nabarituko dugu. Bestetik, etorkizunari begira, kadeteetan neska asko daude eta beraien artean nola hitz egiten duten ikusita eta zenbat neska etortzen diren partiduak ikustera, jarraipena izango duela pentsatzen dut.
Nolako giroa duzue taldean?
Kontentu gaude taldearekin. Normalean denak entrenamenduetara joaten dira. Konpromezu hori oso ondo betetzen dute. Gainera, oso giro ona dago entrenatzaile eta jokalarien artean. Noizean behin errietaren bat daukagu baina giro polita dago taldean.•