Bideo-joko didaktikoa kalean

Txintxarri Aldizkaria 2008ko aza. 24a, 01:00

Elhuyar Fundazioak Armix Ilargian Galduta izeneko bideo-jokoa argitaratu berri du, 7-10 urteko haurrentzat. Bideo-joko hau Armix pertsonaia protagonistatzat duen serie bateko bigarren CD-ROMa da, eta jolasen bidez, jokalariak matematikako, inguruaren ezaguerako eta hizkuntzako gaiak landuko ditu. Teknologiari dagokionez, hiru dimentsioko irudiez gain, jolasteko ere 3D-ko ingurunea izango du jokalariak.

Armix pertsonaia ezaguna da euskal gaztetxoen artean, Zernola.net atarian ageri delako: bertako olinpiadak gidatzen ditu eta 2007an argitaratu zen Armix baso magikoan CD-Rom-eko protagonista da. Zernola.net-en hainbat esperimentu, joko, proba eta zientziari buruzko galdera eta erantzunak biltzen dira besteak beste.

Ilargian galduta

Armix-ek lagunduta bideo jokoak sortzen jarraitzeko asmoa du Elhuyarrek. Orain bigarren CD-Rom-a argitaratu du: Armix ilargian galduta. Iazkoarekin alderatuz, zenbait hobekuntza ditu: Armixen mugimentuak bi dimentsiotatik hiru dimentsiotara pasa dira, pertsonaiak 360 graduko itzuliak ematen ditu, eta bestalde, oinarria jokua da eta hor sartu dira ariketa didaktikoak. Iazko bideo jokoa 5-8 urte bitarteko haurrentzat bazen, berria 7-10 urte artekoentzat da.
Armix-ek berriro abentura zirraragarria bizi du: pertsonaia Ilargira iritsi da, baina iritsi bezain laster bere kohetea lapurtu diote. Jokoan zehar, Armixi bere koehetea bilatzen lagundu beharko dio jokalariak, lurrera bueltatu ahal izateko. Abentura horretan zehar hamaika munstrori egin beharko die aurre. Horretaz gain, hainbat galderari ongi erantzun beharko die, jokoan aurrera egin ahal izateko.

Demoa interneten

Armix ilargian galduta jokoaren demoa www.elhuyar.org/armix2 web gunean dago. Gainera, web gune horretan, jokoari buruzko irudiak eta bideo bat ere badaude. Elhuyar Fundazioak duela bi urte ekin zion euskarazko bideo-jokoen ekoizpenari.
Lehenengo bideo-jokoa Hiru Mosketariak aisialdira zuzendutakoa izan zen: berez beste hizkuntza batean sortua zen joko hau euskaraz argitaratu zuen Elhuyarrek. 2007an, beste bi bideo-joko kaleratu zituen: Kao: Sumendiko Sekretua euskaratua eta Armix Baso Magikoan, Zientzia Elkartea bertan asmatu eta sortua, hain zuzen.
Bestalde, abenduan beste CD-Rom bat kaleratuko da geografiari buruzko joko batekin. Hau adin guztietarako da eta toki izenak euskaraz zuzen ikasteko laguntza handia emango du.
Danel Solabarrieta pedagogo eta Elhuyarreko multimedia arduradunak koordinatzen du bideo joko berrien sorkuntza. Hurrengo urterako egitasmoen artean dira, batetik Armix-en hirugarren joko-istorioa kaleratzea eta beste jokoren bat euskaraz ematea.
Bideo joko didaktikoak liburudendatan daude salgai, Usurbilen Elhuyarren egoitzan ere eskuratu daitezke edo interneten Elhuyar.org/denda helbide elektronikoan. Durangoko azokan ere izango da salgai.•