Estrenoa Gazte Bilguneko aretoan

jon-altuna 2008ko azaroaren 24a

Ez da “multi” bat, oraindik atontzen ari dira Gazte Bilgunearen lokala Iñigo de Loiola kalean, baina gazteak gauzak antolatzeko gogoz daude eta aurreko ostegunean zinema denboraldia hasi zen. Estrenoan, Carandiru Brasilgo filmea eskaini zen eta Gazte Bilgunean bildu ziren ikusleen bihotzak ikuitu zituen filme berezi honek. Latinoamerikako espetxerik handiena zen Carandiru.

Gazte bilgunearen ekimen berria da zinema emanaldiena. Hamabost egunean behin filme bat botako da kañoiarekin Iñigo de Loiola kaleko bilgunean, 21:30etatik aurrera. Okendo zinema taldeak ere bi astean behin ematen du pelikula eta beraz ostegunero izango da zinema Lasarte-Orian. Kultur Etxean zinemarik ez dagoen astean Gazte Bilgunean eskainiko da. Hemen ez da sarrerarik ordainduko eta ikusleek nahi badute ondoren egingo den solasaldian parte hartzeko aukera izango dute.
Pelikula eman aurretik, antolatzaileek, hau da, Gazte Bilgunean ardura hori hartu duten taldeko partaideek, hari buruzko azalpenak emango dituzte. Bukaeran, filmearen eta gaiaren arabera, eta ikusleek gogoa baldin badute, eztabaidarako aukera eskainiko da. Aitzol Etxegoien talde horretako partaideak jakinarazi digunez, ideia asko dituzte ondorengo hilabeteetako emanaldietarako, baina zehaztu gabe daude.

Okendorekin elkarlana

Okendo taldekoekin harremanetan daude Gazte Bilgunekoak eta herriko zinema taldekoen laguntza izango dute. Aitzolek esan digu Okendo zinema taldearen filosofiari eutsiko diotela, hau da zinema aretoetan ikusten ez diren filmak ekarriko direla. "Bai, zine komertzialetik urrun dauden pelikulak ekarri nahi ditugu. Zine independentea eta batez ere herri ezberdinetako pelikulak". Izan ere, gaur egun, aretoetan pelikula gehienak AEBkoak dira, presupuesto handikoak. Horiek ikusteko arazorik ez da, pila bat jartzen dira zinema aretoetan. Gazte Bilgunean beste era batekoak emango dira. Taldeko partaideak arduratuko dira pelikulen aukeraketaz.
Oraingoz hasiera da eta herritarren erantzunaren zain daude, baina Aitzolek aurreratu digunez, jendeak gogoa badu posible izango da gai baten inguruko filme sorta bat eskaintzea eta gairen batean sakontzekoa.
Hasteko hogei lagun bildu ziren lehen emanaldian. Aitzolek aitortu digu normala dela hasieran harrera oso handia ez izatea, baina gogoz daude aurrera egiteko, "jendea horrelako pelikulak ikustera ohitu dadin”. Bere ustez, horrelako zinema eskaini behar da. “Aukera polita izango da”.

Lokala egokitzen

Gazte Bilgunea atontzen ari dira egitasmo ezberdinak martxan jartzeko eta oraindik tokia ondo egokitu gabe badago ere zinemarekin hasi egin dira. "Ez dugu propaganda gehiegi egin nahi, hain juxtu aste honetan hasi garelako lokalean konponketak egiten eta lokala hankaz gora dagoelako”. Dena den, lokaleko sarreran prestatu zuten pantaila, kañoia, soinu ekipoa eta beharrezko tresnak eta ez zen arazorik izan. Lehen asteetako filmeak ”jendearen erantzuna frogatzeko" emango dira.
Aitzol Etxegoienekin izan dugun solasaldia baliatu dugu Gazte Bilguneko proiektuari buruz mintzatzeko. Bere iritziz, "nahiko proiektu handia da eta finantzaketa zabala behar du. Piskanaka badoa. Une honetan rokodromoa eraikitzen hasi gara, pareta batzuk bota, komunak jarri, gela bat egokitu, hemendik gutxira barra eta haltzari batzuk jarriko dira, jendea sartu eta eroso egon dadin txukuntzen ari gara”.
Zinearekin batera beste proiektu batzuk ere badira, batzuk jada bertan egiten dira, esaterako Irakutrezin, eta beste batzuk gerora gauzatuko dira: musika gunea, aurrerago egingo da lokala insonorizatu beharra dagoelako, ordenagailuak jartzean ikastaroak antolatu ahal izango dira, ... “Lokala atontzen ari gara, gauza batzuk egin daitezke jada, baina ireki ez da oraindik ireki".
Etorkizun oparoa ikusten dio Aitzolek Bilguneari. "Lasarten ez bere historian ezta orain ere ez da beste alternatibarik izan. Gazteak bere aisialdia antolatzeko orduan zailtasunak izan ditu beti eta iruditzen zait badagoela belaunaldi berri bat gogoak dauzkana proiektu berrietan sartzeko, bere aisia kudeatzeko eta martxan jartzeko. Lokala handia da eta baditu horrelako ezaugarri batzuek gazteentzako erakargarriak direnak".

Funtzionamendua

Gazte Bilgunearen funtzionamenduari buruz, talde autonomotan banatuta izango da eta talde bakoitzak bere esku izango du bere arloaren kudeaketa eta bere arloko ekintzen antolaketa. Batzordetan funtzionatuko da, baina asanbladan hartuko dira erabakiak. Laster Ttakunekin hitzarmen bat egingo da funtzionamentua zehazteko. "Momentuz astean behin biltzen gara denok, koordinazio batzordean, talde bakoitzak izan dituen aurrerapenak komentatzeko eta gai orokorretaz hitzegin edo eztabaidatzeko. Horrela ari gara funtzionatzen" aipatu digu Aitzol Etxegoienek.
Ttakun Kultur Elkartearen ideia izan da Gazte Bilgunea. Izan ere, ohartu ziren Ttakun elkartearen beraren baitan eta baita Lasarte-Oria udalerrian, 16 urte bitarteko gazteentzat aisiako nahiko eskaintza badela, baina hortik gorakoentzat eskaintza eskasa eta bilgunerik ez zegoela. Horrela, Iñigo de Loyola kaleko 244 metro karratuko lokal ederra erosi zuen Ttakun elkarteak eta bertan da Gazte Bilgunea.•