Nahiz eta larunbatean musikarien eguna izan, Lasarte-Orian literaturaren eguna izan. Izan ere, Lasarte-Oriako Literatura Lehiaketako sari banaketa burutu baitzen eguerdian.
Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoa lepo zegoen. Bertan lehiaketako partehartzaileen eta gurasoen urduritasuna edo epaimahaiko kideen lasaitasuna ikusi ahal izan genituen.
Jone Altuna kulturako arduradunak eman zituen ongietorri hitzak. Ostean, eskerrak lehiaketa antolatzen eta aurrera eramaten duten taldeei eskerrak eman zizkien, batez ere, Lasarte-Oriako Landaberri ikastola eta Zumaburu-Sasoeta eskolari. “Izan ere, haiek idazkera bultzatzen baitute eta, era berean, haiei esker, haurrek istorioak era egokian kontatzen ikasten”, adierazi zuen Altuna andereak.
Bukatzeko kulturaren garrantzia azpimarratu eta Ingrid Betancourten hitzak ekarri zituen aretora, ”finantzetako etxe orratzak gure gainera erortzen direla dirudien momentuetan, behar dugun eraldaketa, gure zibilizazioaren ahuldurak hain argi eta garbi adierazten direnen, ezinbesteko sentitzen dugun eraldaketa, gure bihotzean hasten da”.
Helduen mailako euskarazko eta gaztelerazko poesia irabazleen irakurketa egin zen jarraian. Aitor Tejedorrek Arantza Otegiren Ubideetatik ozen irakurri zuen Guillermo Carcedo pianojoleak Manciniren Moon River jotzen zuen bitartean, Noemi Fernandezek, aldiz, Iñigo Calvo gitarraren laguntzaz Marina Aoizen La sombra del zahorí.
Eta ostean, Ana Urchueguia alkateak, Jone Altunak, Martin Moreno Zerbitzu publikoetako zinegotziak eta Xabier Goitia Kultur etxeko arduradunak sari banaketa burutu zuten.
Ekitaldiari amaiera emateko alkate andereak, literatura sarien garrantzia eta nazioartekotasuna azpimarratu zuen, “izan ere, aurtengo irabazleetako bat La Habanako baita.”
Honetaz gain, 2008ko lehiaketa partehartzaile gehien izan duena dela aipatu zuen Ana Urchueguia alkateak, “iaz baino 100 idazki gehiago izan ditugu, guztira, 637.”
Jarrian eskerrak eman zizkien lehiaketako antolatzaileei eta epaimahaikideei, kulturak hezkuntzan duen garrantzia azpimarratu eta, bukatzeko, bertan zeuden guztiak lehiaketan parte hartzen eta idazten jarraitzera animatu zituen. •