Santa Zezilia, musikari gorazarrea

Txintxarri Aldizkaria 2008ko aza. 24a, 01:00

Larunbatean, Santa Zezilia musikarien zaindariaren eguna izan zen. Horregatik Lasarte-Oriako Musika eskolak, zein Alboka abesbatzak hain egun seinalatua ospatzeko hainbat ekintza burutu zituzten.
Musika eskolak ostegunean egin zion omenaldia bere zaindariari. 18:00etan, eguraldiak lagunduta, trikitixak, panderoak eta txistuak hartu eta herri erdialdeko kaleak girotu zituzten kalejira alaia eginaz.
19:00etan, berriz, ikasturteko lehenengo kontzertua egin zuten. Gitarra, flauta, pianoa, etab. instrumentuen doinuak eta era estilo desberdinetako abestiak entzun ziren Manuel Lekuona kultur etxeko aretoan, hala nola, The Police taldearen Every breath you take, herrikoia den Aitorren hizkuntz zaharra edo Pirritx eta Porrotxen Maite zaitut.
Igandean, berriz, Alboka abesbatzaren txanda izan zen. Urtero legez, Arantzazuko Amabirjinaren elizan 12:30etan zendutako bazkide eta abeslariei eskainitakoa meza girotu zuen abesbatzak.
Ostean, 40 bat bazkide eta abeslari, heldu, zein gazte, bildu ziren Txitxardin beltxa jatetxean egin zen bazkarian. Eta otorduaren ostean, ospakizuna era ezin hobean bukatzeko, dantzaldia izan zuten.

Gabonak ate joka

Bestalde, ostiralean, Alboka abesbatzak emanaldia eskaini zuen Donostian, Kutxak Andia kalean duen aretoan.
Elkarte belenistak Gabonetako ekintza zikloaren inaugurazio ekitaldiaren barruen izan zen. Bertan, Gabonetako abestiak entzuteko aukera egon zen, hala nola, Adeste fideles, Olentzero edo Ator-ator. Beraz, dagoneko Eguberriak ate joka ditugu. •