Bitxiak egiteko ikastaroa

Txintxarri Aldizkaria 2008ko azaroaren 27a

Gabonak gainean ditugu, baita ditxosozko krisia ere, horregatik Ttakun kultur elkarteak bitxiak egiteko ikastaroa antolatu du. Aukera bikaina da estilo propioa duten edo pertsonalizatutako opariak egiteko.

Material desberdinak eta eskura errazak, hau da, oihalak, bolatxoak, alanbreak, etab. erabiliaz bitxiak, koilareak, brotxeak, belarritakoak eta gantxoak, egiten ikasteko aukera paregabea egongo da Ttakun Kultur Elkarteak antolatu duen ikastaro berrian,
Irakaslea Ainhoa Elizegi izango da. Euskararen 7. Maratoiko artisau azokan ikusi ahal izan genuen bere lana eta aurrerantzean ere ikusgai izango dugu, abenduaren 21ean, Santo Tomas egunean esate baterako.

Ikastaroa

Ordu eta erdiko lau saioz osatua dago ikastaroa, guztira 6 ordu. “Hauetako hiru saiotan irakasleak emandako pausoak jarraituz bitxi desberdinak egingo dituzte. Laugarrenean, berriz, bakoitzak nahi duen bitxia osatuko du, Ainhoaren laguntzaz noski,“ azaldu digu Pili Bermejo Ttakuneko aisiako arduradunak.
Ikastaroa Ttakuneko lokal zaharrean, Erribera kaleko 1 zenbakian egingo da.

Izen ematea

Bi talde osatuko dira eta egunak eta ordutegia honako hauek dira, bata abenduko 9 eta 16 astearteetan 18:30etatik 20:00etara eta 13 eta 20 larunbatetan 10:00etatik 11:30etara eta bestea, aldiz, abenduak 12 eta 19 ostirala 17:30etatik 19:00etara eta 13 eta 20 larunbatak 11:30etatik 13:00etara.
“Gehienez 10 lagunek osatuko dute talde bakoitza,” azaldu digu Pilik, “era honetara irakasleak kalitatezko hezkuntza eta jarraipena egin ahalko du.”
Matrikula prezioa 35 eurotakoa da eta, aisiako arduradunak aipatu duenez, prezioaren barne materiala dago.
Izena emateko Ttakuneko bulegotik pasa edo 943 371 448 telefono zenbakira deituz egin dezakete interesatuek. Epea abenduaren 5ra arte egongo da irekia. •