Emakumeen egoera aztergai

Txintxarri Aldizkaria 2008ko azaroaren 27a

Astea hasieran emakumearen egoera aztertu zituzten bi hitzaldi eskaini ziren Lasarte-Orian, batetik Maria Hazel Lau Blancok Emakume indigenak gaur egungo Nikaraguan eta, bestetik, Teresa Mollák Emakumearen aurkako indarkeriari buruzkoa.

Emakume indigenak

Emakume indigenak gaur egungo Nikaraguan hitzaldia kultur etxean burutu zen astelehenean.
Mundu bat elkarteak eta Komite Internazionalistek antolatutako hitzaldi honetan Maria Hazel Lau Blancok, Mexikoko eta Erdialdeko Amerikako Emakume Indigenen Sareko ordezkariak, gaur egun emakumeek Nikaraguan dituzten arazoak jorratu zituen, hala nola, arazo ekonomikoak edo indarkeriaren arazoa.

Genero-indarkeria

Bestalde, asteartean, genero-indarkeriaren aurkako egunean, Emakumeen Zentro Zibikoak hitzaldia antolatu zuen gaia jorratzeko. Horretarako, genero-indarkeriaren aurkako legearen aurreproiektuan lan egin zuen Teresa Mollá Ontenyenteko zinegotzi-ohia gonbidatu zuten.
Mollá andereak datu historikoak eta estatistikoak eskaini zituen, baina ez zen hauetan asko luzatu. Emakumeak jasaten dituen indarkeria mota desberdinak aipatu eta azaldu zituen, adibideak eman eta bukaeran solasaldia izan zuen zentrora gerturatu ziren emakumeekin.

Gai jorratuak

TXINTXARRIko hurrengo zenbakian Maria Hazel Lau Blancoren elkarrizketa eta Teresa Molláren hitzaldia argitaratuko ditugu. •