Izan ere, Jalguneko gazteek nahiz eta urritasuna izan, gaitasun pila dituztela erakutsi zuten iazko jaialdian, dantzari finak edo taichi adituak direla, esate baterako. Aurten ere, bere gaitasunak erakutsi nahi dituzte eta jaialdiaren leloarekin Nik bai, eta zuk? erronka botatzen diete lasarteoriarrei.
Baina ez dira taula gainean bakarrik egongo, 18 urte hauetan begirale lanetan egondako pertsonak, Ttakuneko batukada, Semblante Andaluzeko abesbatza rozieroa, Ostadarreko neskak, rap eta break taldea eta Euskararen VII. Maratoiko zortzikoteko hiru kide, Rebeka, Jokin eta Lorenaren laguntza izango dute emanaldia ikusgarriagoa izan dadin.
Horregatik, une dibertigarriak eta alaiak pasa eta giro ezin hobean egoteko, Jalguneko gazteek jaialdirako gonbita egin nahi diote Lasarte-Oriari.
Ospakizunekin jarraikiz, igandean elkarteko gazte, senide eta begiraleek bazkaria izango dute Goiegi jatetxean. Gonbidatu gisa, urtean zehar lagundu dizkieten elkarteetako ordezkariak egongo dira, hala nola, Ttakun kultur elkarteko, Hermandad Virgen del Rocio, Also tabernako edo Lasarte-Oriako Udaleko ordezkariak.
Honela, Gizarte Zerbitzuen sailak ere jaialdiaren garrantzia azpimarratu nahi du eta, orokorrean, Jalgune Aisialdi elkarteak duen garrantzia.
Izan ere, pertsonen arteko harremana sustatzen eta, era berean, urritasuna duten pertsonen gertutasunaren eta integrazioaren alde lan egiteko guneak sortzen baititu.
Lokal berria
Bestalde, Lasarte-Oriako Udalak jakin arazi duenez, Jalgune elkartearentzat lokal berria epe laburrean prestatuko du, Loidi-Barreneko anbulatorioko goiko soilaruetan kokatuko dena, hain zuzen ere.
Jalgune Aisialdi elkarteak ilusio handia du lokal berriarekin, honek espazio handia izango baitu eta elkartearen beharrei hobeto egokitua gainera.•