Eskola Kiroleko Alebinen Topaketan kirola eta jolasa uztartu zituzten

Txintxarri Aldizkaria 2008ko abenduaren 1a

Eskola kiroleko topaketak ospatu zituzten larunbat goizean, Lasarte-Oriako udal kiroldegian. Bertan 8 eta 9 urte bitarteko 100 haur inguru elkartu ziren igeriketa eta saskibaloian aritzeko. Benjamin mailako lehen topaketa izan da eta arduradunen hitzetan, "topaketak harrera ona izan du. Ia 100 haur gerturatu dira kirola egitera eta giroa oso alaia eta polita sortu dute".

Eskola Kiroleko benjamin mailako topaketa egin zuten larunbatean. LH3 eta LH4ko ikasleek Lasarte-Oriako kiroldegira gerturatu ziren 9:30etan. Laugarren mailakoek ekin zioten topaketari, Buruntzaldeako Topaketari. Lasarte-Oriako ikasleez gain, Usurbilgo eta Urnietako haurrak ere parte hartu zuten kirol topaketan.
Hauek goizeko 10:00etan ekin zioten eta bi orduz saskibaloiaz eta igeriketaz gozatzeko aukera izan zuten.
Topaketa antolatzeko zeuden dozena bat begiraleek bertaratu ziren kirolariak bi taldeetan banatu zituzten, batzuek igerilekura egin zuten salto, besteak berriz pistan sartu ziren.
Igerilekuan sartu zirenek lau gune desberdin aurkitu zituzten uztailaz, alfonbraz, koltxonetaz eta bestelako jostailuez beteta. Bitartean, gainontzekoak begiraleek 8 guneetan prestatutako saskibaloi joko desberdinekin gozatzeko aukera izan zuten: baloia eskutan zutela erreleboak eta trebetasun jokoak burutu zituzten. Goizeko 11:00etan pistan zeudenak igerilekura joan ziren eta igerilekukoak lehortu eta pistara jaitsi ziren saskibaloiko jolasak egitera.

Lehen mailako alebinak

LH3ko kirolariak 12:15etan elkartu ziren udal kiroldegian, eguneko bigarren topaketan parte hartzeko. Aurrekoa Buruntzaldeako Topaketa izan zen arren, bigarren honetan Sasoeta eta Landaberri ikastetxeetako haurrek parte hartu zuten.
Topaketa honetan aritu ziren 3.mailako ikasleek saskibaloia egin zuten soilik. Baina, ikusi zitekeenez, asko disfrutatu zuten jolas desberdinetan parte hartuz. Hiru hirun aurkako partidak egiteko aukera izan zuten ere.

Kirolaz gozatuz

Aitzol Zerain Eskola Kiroleko koordinatzailea pozik azaldu da benjaminen topaketa amaitu ondoren: "topaketa antolatzeak lana eskatzen duen arren, pozgarria da hainbeste haur kirola eginez ondo pasatzen dutela ikustea".
Eskola Kiroleko Topaketaz aritu gara koordinatzailearekin eta topaketa hauen helburuak azpimarratu eta gogoratu dizkigu: "sei eta hamasei urte bitarteko haur eta gazteekin aritzen gara eta ikasle hauek kirola egin dezaten da gure helburu nagusia. Kirol desberdinak ezagutzeko eta praktikatzeko aukera eskaintzen zaie eta kirola egiteaz gain kirolaren bitartez hainbat balore transmititzen saiatzen gara: taldean lana egiten erakutsi, laguntasuna sustatu, integrazioa, tolerantzia, arauen onarpena, autodisziplina, kooperazioa, ardura... Balore hauek barneratzen badituzte gazte hauen garapen integralean lagunduko dugu" adierazi zuen baikor Aitzol Zerainek.•