Denetariko pintxoak prestatu zituzten Udal Euskaltegiko ikasteek ostegunean urtero egiten den pintxo lehiaketarako. Ttakun kultur elkarteko epai mahaikoek kontatu zutenez, maila handiko pintxoak guztiak, saritzeko modukoak, baina bi sari soilik eman ziren, bata goizeko taldeen arteko pintxo onenari eta bestea arratsaldeko taldeen arteko onenari. Eta biak antzekoak izan ziren, biak zeukaten izokiña, otarraixka eta tomatea beste osagai batzuen artean.
Goizean aurkeztu ziren 8 pintxoen artean "itsasoa eta lurra" izenekoa aukeratu zuten Arantza Artola eta Pili Bermejo epai mahaikoek. Arrautza egosia, izokin ketua, ogi xerrak, letxuga hostoa, maionesa, otarrainxka eta tomatea zeuzkan.
Arratsaldeko taldeek ere itxura bikaineko zortzi pintxo aurkeztu zituzten. Arratsaldean epai mahaiko aritu ziren Jon Altuna eta Mailu Arrutik "Itsaso gorria” aukeratu zuten. Honek ogi xerra bat, tipulina, perrexila, tomatea, pikillo piperra, gatza, oliba olioa, Modenako ozpina, antxoa, izokina eta otarrainxka zeuzkan.
Baina denetariko pintxoak izan ziren ez bakarrik itsasoarekin lotutakoak, esate baterako, "Aizkorriko gutizia", gazta eta intxaurrak osagai nagusi zituena, "Gazi-gozo sentsazioa", hustutako tomate batean hainbat osagai zituena, "Poupurria" koilara baten gainean aurkeztu zutena edota "Mokadu nordikoa" besteak beste.
Epai mahaikoek pintxoak dastatu ondoren, talde bakoitzeko partaide batek honen osagaiak eta prestaketa azaldu zituen besteen aurrean. Bukatzeko sari banaketaren ondoren ikasle, irakasle eta epai mahaikoak besteak beste patata tortilla pintxo batzuk dastatu zituzten. Euskara ikasleek esaten zutenez ahalik eta pintxo onenak prestatzen saiatu ziren eta pozik zeuden. Berriro ere izango dute sukalderako trebatasuna erakusteko aukera: Patata tortilla lehiaketa ikasturte amaiera aldera egingo da Udal Euskaltegian.•