“Miskitoen lurren ia erdiei aitortu zaie indigenen jabetza”

jon-altuna 2008ko abenduaren 1a

Miskito indigena herri batekoa da Maria Hazel Lau Blanco. Zuzenbidea ikasi zuen eta 16 urte zituenetik herri indigenen eta bertako emakumeen kausaren defentsan aritu da. Duela bi hilabete, magistratu izendatu zuten Nikaraguako Atlantiko kostaldeko autonomian sortu berriak diren apelazio epaitegietako batean. Astelehenean, Kultur Etxean, Atlantikoko kostako indigenen eta bertako emakumeei buruz hitzaldia eman aurretik izan genuen solasaldian, Nikaraguako eta bereziki Atlantiko Kostaldeko miskitoen egoera ezagutzeko aukera izan genuen. Zailtasun handiak dituzte, batez ere emakumeek, Felix urakanak areagotu egin ditu arazoak, baina Managuak aitortu die behintzat autonomia eta lurren jabetza.

Nikaraguako Atlantikoko kostaldeko eta Euskal Herriko egoeren artean badira antzekotasunak. Honduras eta Nicaraguan banatuta daude miskitoak; autonomia sistema bat daukate; hezkuntza "interkulturala" bi hizkuntzatan ematen da; miskitoen hizkuntza eta gaztelera hitz egiten dituzte, eta toki batzuetan ingelesa ere bai; eta pentsamolde politiko ezberdina duten indigenek beraien artean tirabirak dituzte. Aipagarri da, Ha zel Lauren ustez, lurren jabetza aitortu zaiela eta Daniel Ortega presidenteak behin eta berriro jendaurreko solasaldietan esan duena: "Nikaraguak ez du lurrik Atlantikoko kostaldean, herri indigenenak gure aurrekoak dira”.

Kokatzeko, Atlantikoko kostako indigenei buruzko azalpena eman zigun Hazel Lauk:
"Badira indigenak Ozeano Pazifikoaren kostaldean eta erdialdean ere, baina beste erritmo bat daramate. Atlantiko aldekoek autonomia dugu eta 2003tik 445 legea ere bai, indigenei eta kostako afrikar jatorriko nikaraguarrei euren lurren jabetza aitortzen diena.

Emakume indigenen egoera azaltzera zatoz...
Atlatikoko kostako emakume indigenengan oro har menpekotasun harremanak hor dirau oraindik, gizonek hartzen dituzte erabakiak normalean. Sendietan bortizkeria kasuak ugaritzen ari dira, Ertamerika osoan bezala. Abuztuan aldizkari batean, Bilwi Puerto Cabezaseko hiriburua aipatuz zera salatzen zen, gurasoek eurek saltzen dizkietela euren alabak Itsasontzietako kapitainei, hauek baitira diru apur bat ordaintzeko moduan diren bakarrak. Harritu egin ninduen, ez nuen sinestu nahi, baina bertara iritsi eta lagunei galdezka hasi aurretik konturatu nintzen hori gertatzen ari dela. Beraz, hasierako kolpea jasan eta pentsatu nuen asumitu egin beharko dudala eta irtenbideak bilatzen saiatu.
Egun beste elementu garrantzitsu bat ere bada 2007ko irailean Felix urakanak eragindako kalteak. Kostako indigenen komunitateen ehuneko 80ak izan zituen galerak, etxerik gabe geratu ziren gehienak, fruta arbolak eta uztak galdu ziren. Bertakoak pobre izatetik pobreagoak izatera pasa ziren, izugarri behartsuak.
Horrek zaildu egiten du generoen berdintasunaren aldeko lana. Jendeak aurrena irauteko baldintzak bilatu behar ditu. Laguntza gutxi iritsi da eta maiatzean oraindik eskolak berreraiki gabe ziren. Denak beste erritmo bat du.
Emakumeen arazoa erronka handia da, baina, ez da bortizkeriaren aurkako batzorderik sortu eta sortu beharko da horrelako kasuak gerta ez daitezen.
Familia barruko bortizkeriari aurre egiteaz gainera, Ertamerika eta Mexikoko emakumeen sareak beste xede edo jomuga batzuk ezarri zituen, herrien autodeterminazio eskubidea bera, lurraldetasun eskubidea eta emakumeen berdintasuna bultzatzeko beste erabaki batzuk. Emakume indigenen Foroaren proposamen guzti hauetatik lurraldetasunaren aldetik aurrerapen handiak izan ditugu, azken bi urtetan sei titulu eman zaizkie sei herri indigenei, beste bat abenduan emango da, hiru aztertzen ari dira... miskitoen lurren ia erdietan aitortu da indigenen jabetza, beraz hor lur, ur eta baliabide naturalen kudeaketa indigenei dagokie.
Prozesua arautu duen 445. legearen laugarren artikuluak argi esaten duenez komunitateko agintariei aitortzen zaie Gobernu eta Administrazio organo direla eta bere ohituren arabera antolatuko direla. Beraz autonomian sakondu egin da tituluen banaketarekin. Beste administrazioek indigenen erakundeak errespetatu egin beharko dituzte.

Hau Ertamerika edo Hegoamerikako beste herri indigenetarako eredu izan al daiteke?
Legeak badira Amerikako zenbait herrialdetan, besteak beste Hondurasen edo Kolonbian, 169. hitzarmena sinatu zuten eta, berez berretsi zuten momentutik bere herrialderako lege bihurtzen dira, beraz derrigortuta daude herri indigenei euren lurrak eta baliabide naturalak aitortzeko, baina legeak onartzen badira ere gero ez dira aplikatzen praktikan, nire ustez borondate kontua da.•

Miskitoek aurrerapenik izan al duzue azken urteotan?
Uste dut baietz. 1980an nire herriak gerrara jo zuen, 1985-1990 artean bake prozesu bat bultzatu genuen eta gaur egun Ortega presidentearen borondatea argia da: aitortzen du atlantikoko kostaldea indigenena dela, “eurak gure aurrekoak baitira”, dio. Bestalde, presidenteak Yatama gerran egon zen erakundearekin sinatu zuen hitzarmenean ziren batetik, lurren jabetza emateko erabakia bultzatzea, jada egiten ari dena, eta herri horiei Gobernuan espazioa ematea, eta esan daiteke gure ahotsa iristen dela Managuara: lau diputatu eta hiru ministroorde izan ditugu.
1985ean diputatu izan nintzen eta orduan jarri genuen martxan hezkuntza bilingue interkulturala. Eta hezkuntza modu hau ere, aurrera doa.

Bake-bidea jorratu duzu beti...
Umetako esperientziarengatik eta aitarengatik izango zen. 1958an jaio nintzen Coco ibaiaren iparraldean suji izeneko komunitate txiki batean, hain juxtu La Hayako akordioa erabakitzen ari zenean: gure komunitatea bitan banatu zuena, parte bat Nikaraguan eta bestea Honduras-en. Esan zen batetik bestera libreki pasatzea egongo zela, baina nire aitak kontatzen zuenez guardiak bestaldera joateko esaten zieten. Beraz aitak ez zuen bere seme militarrik nahi. Horregatik ez dut maite, gerrarekin edota militarrekin lotutako edozer. Gainera argi dago gerrak beti zentzugabekoak direla.

Eta orain magistratua zara, hor ere izango duzu eragiterik?
Autonomiako 18. artikuluak esaten du Justiziaren Administrazioa modu tradizionalean antolatu behar dela eta nik hori gauzatu nahi dut. Eta hori guk geuk egin behar dugu. Bestela juezak beti zure herri eta zure kulturarentzat arrotzak izango dira.
Duela bi hilabete hartu nuen epaile lana. Hasieratik ez dut ezkutatu judikatura sistema autonomoaren alde nagoela.
Duela gutxi Justizia Epaitegi Goreneko magistratu bati galdetzen nion, nola onartzen den miskito baten aurkako kasuan, idazkari batek kausaren laburpena gazteleraz irakurtzea. Orduan zera esan zidan berak, idazkariei miskitoen hizkuntza irakasteko modua bilatzeko.

Nolakoa da bi hizkuntzatako hezkuntza?
Hezkuntza Interkulturalaren ardatzak Autonomiako Kontseiluak ezartzen ditu. Bertan daude Gobernu autonomiko, unibertsitate eta indigenen ordezkariak ikasketen edukia erabakitzeko eta interkulturalitatea, izaera etnikoa,... babesteko. 82-84 artean ni hortan aritu nintzen eta askotan haserretu nintzen, esaterako ikasketa batzutan mediku normala ateratzen zen soilik eta hezkuntza interkulturala bada, Saukia (indigenek ezagutzen duten lehen medikua) ere atera beharko litzateke.

Hezkuntzak emakumeen zapalketa gainditzeko ere garrantzia izango du, ezta?
Hezkuntza sisteman, ikasketa garrantzitsu bat gehitu beharko litzateke, generoan eta bakean sakonduz. Gure herrialdetan bakerako hezkuntzaz hitz egiten dute baina gero ez da ezer.

Ekonomia aldetik konponbiderik edo etorkizunik ikusten al duzu?
Potentzial bat alperrik galtzen ari gara, turismoa. Gure inguruaren edertasuna baliatuz, turismo ekologikoa bultzatu daiteke. Nik uste gauza asko egin daitezkeela gauza txikietatik hasita.

Zer iruditu zaizu Euskal Herria?
Donostian egon naiz. Itsaso eta mendiak edonon liluratzen nau. Pena ezin dugula garai honetan itsasoaz eta hondartzaz gozatu.

Eta hemengo elkartasunaren berririk ba al zenuen?
Barkatuko didazue oker banabil, badakit gure hezkuntza interkulturalak hemengo laguntzaren bat jaso duela, baina katalanen laguntzen berri zabalagoa dut. Helduen alfabetatzea diruz lagunduko dutela esan didate.

Besterik esan nahi al duzu?
Hau kezka pertsonala da. Kontatu dut urakanarekin komunitateek dena galdu dutela, eta askotan hurbiltzen zaizkit emakumeak zera aipatuaz, tradizionalki josteko makinek familien ekonomian izan duten garrantzia. Ondo egongo litzateke josteko makina batzuk eskuratu eta familia horiei laguntzea, euren arropak eurek egiteko modua izan dezaten.
Elkartasun guztia ongi etorria da, baina josteko makina batzuen aldeko kanpaina laguntza oso egokia izan daitekeela uste dut.•