Eguberri ekologiko baten aldeko jardunaldiak kulturetxean

Txintxarri Aldizkaria 2008ko abenduaren 1a

Urtero bezala, Ingurumen, Kontsumo, Merkataritza eta Osasun Sailak Eguberrietako Jardunaldiak antolatu ditu. Baina, aurten egitaraua guztiz berritzaile batekin datorkigu. “Eguberri ekologiko baten alde” lelopean aurkeztu dituzte aurtengo jardunaldiak.

Gabonak gertu ditugu eta kontsumo garaian buru belarri sartuta gaude. Ingurumen, Kontsumo, Merkataritza eta Osasun Sailak aurtengo jardunaldietan hau izan du kontutan, jardunaldi hauek prestatzeko garaian. Aurten ikuspegi desberdin batetik landu dituzte sailetik igorri dutenez: “Eguberriak gertu ditugu. Euforia kontsumistak harrapatzen gaituen egunak dira, eta familien gastua izugarri igotzen da. Jardunaldi hauen bitartez, zenbait ideia proposatzen dizkizuegu, erosketa bakoitzak -gure sakeletan duenaz gain- gure ingurumenean dituen ondorioen kontzientzia har dezagun”.

Produktu ekologikoak

Bihar hasi eta ostegunera arte luzatuko dira Eguberri ekologiko baten alde jardunaldiak. Saio guztiak Manuel Lekuona Kultur Etxean, arratsaldeko 19:00etan izango dira.
Asteartean eta asteazkenean, nekazaritza eta sukaldaritza ekologikoaren ezaugarriak eta onurak izango dituzte hizpide. Javier Prada Manttangorri Baserritarren Elkarteko kideak nekazaritza ekologikoaz arituko da. Hau da, modu jasangarri eta orekatuan landutako garaian garaiko produktuen definizioa eta erakusketa egingo du. Estefani Seidenberger dietista makrobiotikoan adituak, berriz, osagai ekologikoak erabiliaz Gaztaina eta Intxaur Strudela, eta Udazkeneko Taloa egingo du. Bertaratzen direnek bi plater horiek dastatzeko aukera izango dute.

Kontsumo arduratsua

Urte sasoi honetan, urtean zehar erosten diren jostailuen %75a erosten dira, Espainiako Jostailu Ekoizleen Elkarteak kaleratu dituen datuen arabera. Kontutan hartzeko datua da, horregatik, ostegunean, joko eta jostailuen kontsumo arduratsuaz arituko da Helena San Pedro psikologoak. “Gure gaztetxoenen opariak hautatzean kontuan hartzeko giltzarriak” eskainiko ditu.
Rodrigo Fernández Miranda, Ekologistak Martxan elkarteko kidea gonbidatu dute. Rodrigok Eguberrietako egunetan ere ingurumena kontutan hartu eta zaindu behar dugula gogoraraziko digu. Gabonak modu jasangarriago batean ospatzeko alternatibak azalduko ditu.
Jardunaldietan parte hartzen duten guztien artean produktu ekologikoz osatutako otar bat zozketatuko dute.•