Txirula eta gitarra soinuak elkarrekin

Txintxarri Aldizkaria 2008ko abe. 1a, 01:00

Laugarren urtez Musika Topaketak antolatu ditu Danok Kide elkarteak eta aurtengo ikasturteko egitarauari ostiral iluntzeko kontzertuarekin eman zaio hasiera. Brigitarren komentuko eliza bete egin zen Bruno Claverie iparraldeko flauta joleak eta Eduardo Baranzano Uruguain jaiotako gitarra joleak eskaini zuten emanaldia ikusteko. Biak Euskadiko Orkestan ari dira.

Berezia izan zen Danok Kide elkarteak antolatzen dituen Musika Topaketen hasiera. Kontzertu berezia eskaini zute aipatutako bi musikagileek. Arratsaldeko 19:30etatik aurrera sarri elkarrekin jotzen ez diren bi musika tresnaz gozatzeko aukera izan zen. Badira bi tresna hauentzat idatzitako hainbat musika lan eta hauen aukeraketa bat eskaini zuten. Tarteka, Eduardo Baranzano gitarra jolea bakarka ere aritu zen. Gustura utzi zituzten bi musikariek, kontzertua ikustera hurbildu ziren herritarrak.
Bruno Claveriek bere ikasketak Bayonne-Côte Basque-eko Kontserbatorioan hasi eta gorengo kalifikazioak eskuratuz amaitu zituen. 1986an 1go zenbakiarekin sartu zen Pariseko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan. 1989tik Euskadiko Orkestra Sinfonikoko flauta bakarlari da eta 2002tik Musikeneko irakaslea.
Eduardo Baranzano Uruguayen jaio zen. Gitarra ikasketak bukatu eta hainbat lehiaketan sariak jaso ditu, besteak beste, Habanan, Toronton, Benicassimen, Madrilen, Almuñecarren eta Mallorkako Palman. 1989an Radio Franceko sari nagusia jaso zuen. Antzinako musika lantzen duten hainbat taldetan parte hartu du. "AIREAN" Euskal Herriko Gitarra Elkarteko buru da, eta baita Zarauzko Jaialdiko zuzendari artistikoa ere. Donostiako Kontserbatorioko maisua da.
Hainbat pieza labur jo zituzten ostiraleko kontzertuan eliza bete zutenen gozamenerako, besteak beste errumaniako dantzak, Kubako Eduardo Martin musikagilearen zenbait lanak (gitarra joleak bakarka), Brasilgo abesti herrikoiak eta tangoaren historia. •