Ikaraturik aldegin zuten Jalgitik ostiral gauean bertan zeuden bezeroetako batzuk Naizroxaren kontzertua hasi orduko Pasai Donibaneko talde honen musikaren potentzia entzunda. "iqharaturic" diskoa aurkeztu zuten eta taberna bete zuten musikazaleek ikaragarri gozatu zuten taldearen ikuskizunarekin. Kontzertu beroa, erritmo bizikoa, abiadura handikoa eta dezibelio altukoa eskaini zuen laukoteak.
Azkar jotzen dute NRko kideek, abestiak laburrak dira eta abeslaria ez da geldi egoten, orain dantzan, orain kantari eta orain teklak jotzen.
Mikel Laboa ere gonbidatu zuten: bere ahotsa erabili zuten hasteko eta tarteko beste abesti batean. Baina, bestela, Naizroxa taldeak zuzeneko gordina eta indartsua du, erritmo aldaketa handikoa. Dena eman zuten ostiralean, atsedenik ia hartu gabe, ikusleen gozamenerako. Baju jole berria aurkeztu zuen taldeak ostiral gauean Jalgin emandako kontzertuan. •