“Emakumearen aurkako indarkeria gizartearen arazoa dela jakinarazi behar da”

Txintxarri Aldizkaria 2008ko abenduaren 1a

“Emakumeek haienganako indarkeriaren aurkako duten konpromezua handia da eta nik nire lanean eta hitzaldietan hori erakusten saiatzen naiz,” honela hasi zuen Teresa Mollák Emakumearenganako indarkeriaren kontrako egunean Zentro Zibikoan eskaini zuen hitzaldia.
“Lehentasun handiko arazoa da, urtero bizia galtzen duten pertsona kopuruagatik,” gogoratu zuen Mollá andereak eta jarraian, “bizitzaren galeraz hitz egiten dugunean, minari buruz hitz egiten dugu, baita sufrimenduari buruz ere. Estatu espainiarrean, emakume batek bataz besteko 8 urte itxaroten ditu tratu txarren salaketa jartzeko, 8 urte hauek ez dira arrosa kolorekoak, sufrimendu urteak dira.”
Jarraian, indarkeriaren eskailera azaldu zuen “lehenengo mailan indarkeria psikologikoa dator, ostean hitzen indarkeria, hirugarren mailan indarkeri sexuala eta indarkeria fisikoa dago laugarrenean. Lehenengo mailan ezetz esaten ikasi behar da, ez da amodioa beste zerbaitekin nahastu behar. Azken maila heriotza da.”
“Azken finean, emakume orok sufritu dezake indarkeria,” gogoratu zuen Mollá andereak, “gainera, emakumeak bizitzan zehar indarkeria mota desberdinak jasan ditzake.”

Historikoki gaia kokatu

“Emakumearenganako indarkeriari buruz ez da 70. hamarkada bukaera 80. hamarkada hasiera arte hitz egiten, zeren eta ez zuten arazotzat hartzen”, azaldu zuen Mollá andereak. Kontzeptualizazioa ez zen 93ra arte egin, Nazio Batuek Vienan egin zen Giza eskubideen biltzarrean. Ostean, 95eko Emakumeari buruzko IV. Biltzarrean Beijingen, definizioa zabaltzen da
“Lege integralean 2004ean definizio ona, nahiz eta legeak bere hutsuneak izan, pausu handia dago berdintasunaren alde eta indarkeriaren aurka. Definizioak zera dio ez da eremu pribatuko arazoa, gure gizartean dagoen desberdintasunaren erakusle bortitzena da, emakumeen aurkako indarkeria emakumea izateagatik da. Egoera politika arazoa bihurtzen da, gizartearen arazoa. Baina baliabide gehiago behar dira legeak dioenak aurrera eramateko,” azaldu zuen Teresak.
Hezkuntzaren garrantziari buruz ere hitz egin zuen, instituzioen esku hartzeaz eta prebentzioa eta indarkeria jasan duten emakumeen segurtasunaz.

Indarkeria erak

Ostean, Europako kontseiluaren arabera dauden indarkeria mota desberdinak aipatu zituen.
Lehena guztiok ezagutzen dugun, indarkeria fisikoa; bigarrena sexuala, hau da, emakumeak egin nahi ez eta helburu sexuala duten ekintzak; indarkeria psikologikoa da hurrengoa, txisteak, esamesak, irainak, etab.; laugarrena ekonomikoa da, hau da, dirua kontrolatzea, lan postua bilatzea ez uztea, idei honekin lotuta emakume eta gizonen arteko soldaten desberdintasunari buruz jardun zen eta emakumeen lanpostu ezegonkorrei buruz; bosgarrena espirituala da, hau da, nahi digun sineskera izan eta nahi ditugun erritoak egitea ez uztea eta azkenik, estrukturala dago.
Azken hau, ulertzen zailena dela azaldu zuen hizlariak, “indarkeri ekonomikoarekin lotura du, baina emakumeak bere eskubide basikoak aurrera emateko ikusezinak diren oztopoak ditu eta desberdintasunak sortzen. Adibide gida, irrati saio eta telebistetako mahai inguruetan gonbidatuak gehienak gizonak izatea ez da arraro egiten, edo ekonomia munduan ere komunikabideetan ikus eta irakurri dezakegun bezala boterea gizonek dute. Horrek emakumeak gutxiago dakigula esan nahi du? Ez, hau mendeetako egoeraren ondorio da, haiek izan dute boterea eta estrukturalki horrela izan da beti, haiek errazago iritsi dira botere postuetara, gu bidean geratu gara.”
Ostean bikote harremanen gaia jorratu zuen, “kulturalki eta ohituragatik bikoteetan gizonek izan dute boterea. Amodio platonikoaren ideia dugu, honi esker haiek dira garrantzitsuak eta guk haien esanak eta beharrak ase behar ditugu, honela hierarkia harremana ematen da, haiek dute boterea eta hura pater familia. Entzun al duzue inoiz mater familia esaera? Ez, baina familia monoparentalak daude eta familiaren euskarri diren emakumeak gehiago dago.”
Eta honela jarraitu zuen, “ez gara sentimenduetan heziak izan, amodio erromantikoaren ideia sartu digute eta honek gizonaren boterearen jarraipena dakar. Zure bizia alde batera utzi eta ama, emazte izatera bultzatzen zaituzte eta emakume izateaz ahazten zara.”
“Berdintasuna egoteko bikotearen %100a behar da, berdintasuna aldarrikatu behar da, baina bikotea ondoan izanik, berdin bezala onartu behar gaituzte. Hark historikoki dituen pribilegio batzuk alde batera utzi behar ditu berdintasuna lortzeko. Sexuen arteko borroka esamoldea entzun dugu guztiok, nire ustez ez da sexu batek besteari lekua kentzea, baizik eta zuk gizona izateagatik betetzen duzun gune horretan lekutxo bat egin iezadazu, nire eskubideak eskuratu nahi baititut,” aipatu zuen.

Egoera

“Ez dira indarkeria motak hauek gertatzen diren egoerekin nahastu behar,” azaldu zuen, baita indarkeria ematen den egoerak ere, “etxeko indarkeria dago, familian gertatzen dena, alabenganakoa edo emaztearenganakoa; gizarte indarkeria, emakume trafikoa edo sexu indarkeria esate baterako; laneko indarkeria; gudetako indarkeria, honetan emakumeen gorpuak bataila-eremu bihurtzen dira bortxaketak, hilketak... Egun gertatzen ari da eta iraingarria da; ohituren indarkeria, hala ola, ablazioa edo gurasoek adostutako ezkontza eta komunikabideetan dagoen indarkeria adibidez, Dolce & Gabannaren iragarkia edo albistetan, lehen pasio-hilketa bezala hartzen ziren genero indarkeriaren ondorioz zeuden hilketak eta honela errealitatea ukatzen dute. ”
Jarraian zera atxiki zuen, “lege integralak genero indarkeri bezala indarkeria psikologikoa onartzen du, fisikoari gehituta noski, baina indarkeriazko jokabideak ere bertan daude.”
“OMEk, Osasunaren Mundu Erakundeak gizarte guztietan ematen den arazoa dela dio. Hau beti gertatu den gauza da. Baina gaur egun gehiago ohartzen gara, komunikabideetan agertzen baitira hilketak eta hauek zenbatzen baititugu. Gizartearen arazoa dela jakin arazi eta ohartu behar da, kalera atera behar den arazoa da. Normaltasunez hitz egiteko moduko den gaia bihurtzen denean, orduan gizarte arazo izango da, ez etxekoa soilik,” esan zuen Mollá andereak.

Datuak

Azkenik datu interesgarriak eskaini zituen, esate baterako, “3 emakumetik batek abusua sufritu du bere familiaren esku edo ezagun baten esku, familia indarkeria lehenengo heriotza kausa da istripu eta minbiziaren aurretik edo 70 milioi neska gutxiago dago munduan abortu selektiboengatik.”
“Heriotza izebergaren gailurra, ondorio psikologikoak handiak eta kalkulaezinak dira,” bukatu zuen hitzaldia. Ostean, Zentro Zibikora gerturatu ziren emakumeek, Lourdes Acevedo gizarte zerbitzuetako buruak eta Teresa Mollák gaiari buruzko solasaldia izan zuten. •