Asteburuan festa egin dute Jalgune aisialdi elkartean dabiltzanek. Urritasun fisiko eta psikikoren bat duten lasarte-oriar hauek jaialdi bikaina eskaini zuten batetik larunbat arratsaldean Manuel Lekuona Kultur Etxean eta bide batez gaitasun handia dutela erakutsi ere bai. 18:30etan hasi eta bi orduko jaialdian denetarik egin zuten, dantza, batukada, eta antzerkia besteak beste.
Atzo, asteburuko ekitaldiekin jarraituz, Goiegi jatetxean bazkaldu zuten senide, begirale eta laguntzaileekin batera. Guztira 70 lagun elkartu ziren. Bazkalostean herriko zenbait talde eta elkarteri opari bana eman zien Jalgunek, aisialdi elkarteari urtean zehar eskainitako laguntzaren truke. Besteak beste, Santa Ana parodia, Hermandad Virgen del Rocio eta Anso tabernaren laguntza eskertu zuten Jalgunekoek.
Bazkalondoren giro bikaina izan zen: kantuan, dantzan eta jolasean aritu ziren senideekin batera.
Jalgune urritasunak dituztenentzat aisiako eta denbora libreko herriko elkartea da eta eurak izan ziren larunbateko jaialdiko protagonista. Hunkigarria izan zen urritasunak dituztenak zein gaitasun dituzten ikustea. Jalguneren lana zoriontzekoa dela argi ikusi zen Kultur Etxea bete zute ikusleek izan zuten jokaeran. Azpimarratzeko izan zen ikusleen jarrera eta parte hartzeko eskatu zitzaienean asko pentsatu gabe igo ziren oholtzara.
Batukada taldekoekin batera atera ziren hasieran Jalgune taldekoak eta ondoren ingurutxo dantza, zenbait abesti eta Euskararen Maratoirako prestatu zuten antzerkia eskaini zituzten. Maratoiko kanta ere gogoz abestu zuten zortzikoteko hiru kiderekin batera. •