Ilusioa erakutsi dute Futbol Eskolako jokalariek

Txintxarri Aldizkaria 2008ko abenduaren 4a

Ostadarreko Futbol Eskola osatzen duten 63 jokalariek inguruko eskolekin topaketa izan dute azkeneko bi aste hauetan. Azaroaren 22an eskolako zaharrenek Real Unioneko Futbol Eskolako jokalariekin jokatzeko eta disfrutatzeko aukera izan zuten, Irungo Gal estadioan. Aurreko igandean, berriz, eskolako txikienen txanda izan zen. Hauek Añorgako Futbol Eskolaren aurka jokatu zuten Michelingo futbol zelaian.
Futbol Eskoletako taldeek lehiatu ezin duten arren, urtean zehar topaketa desberdinak antolatzen dituzte eskola desberdinen artean haurrak elkar ezagutu dezaten. Josean Belartieta eskolako arduradunak azaldu duenez, “beste eskolekin jolasteko desiratzen egon dira haurrak. Topaketako astean, haur gehienak urduri egon dira, asteburuan partidua zutelako. Aurtengo lehen topaketak politak izan dira, gainera haurrak bi aste hauetan ilusioz entrenatu eta jokatu dituzte partidak. Nolabait, topaketak motibatu egiten ditu”.•