Ostadar K.F-k bazkide kanpaina eta atal berriak aurkeztu ditu

Txintxarri Aldizkaria 2008ko abenduaren 5a

Ostadar Kirol Fundazioak asteartean 2009. urteko Bazkide Kanpaina “25 urte eta gero” lelopean aurkeztu zuen elkartearen egoitza berrian, baita hurrengo urtetik aurrera martxan izango dituen kirol atal berriak ere -mendia eta zikloturistak-.

Urtero legez, Ostadarrek urtea amaitu aurretik bazkide kanpainari ekingo dio. Aurtengo kanpainaren aurkezpena berezia izan da, ordezkariek kanpainari buruzko informazioa helarazteaz gain, elkarteak hurrengo urtetik aurrera izango dituen atal berriak ezagutzera eman zuten eta.
Kirol elkarteak 25 urte bete dituen urtean, elkartea osatzen duten guztiek, elkartea pixkanaka hazten doala ikusten ari dira. Aurten, atletismo talde herrikoia sortu dute eta urtarriletik aurrera Batasuna KKT elkarteko mendi eta txirrindularitza saiak Ostadarreko saila berriak izatera pasako dira. Izan ere, Batasuna KKT elkarteak 30 urteetan herrian mendizaletasuna eta zikloturismoa sustatu duen arren, aurten elkarteko ateak ixtea eta Ostadarren sail horiekin jarraitzea erabaki du. Hala ere, Ostadarrek egun duen kirol eskaintza mantentzen jarraituko du: futbol federatua (8 talde), futbol eskola (63 haur), tenis eskola (35 tenislari), areto-futbol herrikoia (22 talde), atletismoko talde herrikoia (80 atleta), bolo eta toka taldea, eta Lasarte-Oria Bai kros herrikoia.

Bazkide kanpaina

Abenduaren 9an, asteartean, bazkide kanpainari hasiera emango diote eta abenduaren 23ra arte luzatuko dela jakinarazi zuten elkarteko ordezkariek astearteko aurkezpenean. Egun, laurehun bazkide inguruk babesten dute Ostadarrek gidatzen duen kirol egitasmoa. "Kirol proiektu honen parte izan nahi baduzue, Geltoki Kalea 25. zenbakian aurkituko gaituzue, astelehenetik ostiralera arratsaldeko 16:00etatik 20:00ak arte".
Aurten ere, bazkide guztien artean otar bat zozketatuko dute abenduaren 23an. Ostadarreko atean eta www.ostadarkf.org helbidean zenbaki irabazlea jarriko dute. Bestetik, hurrengo egunetan bazkide guztiek etxean jasoko duten gutunetan, nekazal etxe batean bi pertsonentzako aste buru bat igarotzeko boleto bat aurkituko dute. Sari honen zenbaki irabazlea urtarrilaren 7an Ostadarreko egoitzan eta webgunean aurkitu ahal izango duzue.•