Urrun esan genezake. Urrunegi agian. Ikusten ditugula gure Gipuzkoako espetxeratuak, orokorrean: bai politikoak, bai sozialak. Agintariak kartzelez eta gizarteratze-politikaz aho betean ari diren bitartean, presoek euren eguneroko bizi-iraupenari eutsi behar izaten diote, gogor eutsi ere!
Bai baitakite egungo kartzelak gizarteratzaileak ez baino, sistemaren mendekua gogorarazteko erreminta perfektuak direla. Eta egoera jasangaitza izango dutela muntai guzti honen aurrean egunero, orduro... momentu oro.
Gizarteak ba al daki egun Gipuzkoan zenbat preso dugun? Eta zer "gaizkile" mota dugun lurraldeko espetxean? Euskal herritarrak diren edo atzerritarrak diren?
Egun, Gipuzkoan dugun espetxea guztiz zaharkiturik dagoela nork ez du entzun? Eta, nork ez daki Zubietan egin nahi duten makro-espetxeak 1.000 (!) presotik gora hartzeko edukiera izango duela? Zeintzuk dira benetan Gipuzkoaren "espetxe beharrak"? Ba al da espetxe politika egokirik? Zergatik daude buruko gaixotasunak dituzten pertsonak kartzelan? Edo, zuzena al da kotxe batera lapurretara sartu dena (huskeria bat lapurtzen saiatu dena) kartzelaratzea? Zuzena al da sistemak nahi lukeen bezala pentsatzen, idazten, militatzen ez duen pertsona (ezer egin gabe) espetxean sartzea? Ezinbestekoa ote da kartzela bera? Ez dago ezer egokiagorik? Zergatik ez dituzte sartzen kartzelan gaizkile handiak? Dudarik gabe galdera asko egin litezke bidegabekerien otarra tamalez oparoa baita.
Ziur gaude guztiok ezagutzen dugula espetxean egon den gertukoren bat: laguna, herrikoa, familiakoa... Halaber, espetxe barruko benetako funtzionamendua, oro har, "hiritar arruntari " urrun geratzen zaion errealitatea dela esan genezake. Zergatik? Zergatik justiziaren ordez, mendekua? Zergatik laguntzen dute instantzia ofizialetatik zigorrezko joera hori? Zergatik segitzen dute kartzela barruan tortura fisiko eta psikologikoak aplikatzen? Zergatik drogaren merkatu beltzak kartzela barruan? Zergatik hiltzen dira hainbeste preso (Langraitz batean, adibidez) sobredosia hartzearren? Zergatik, denak preso badira, politikoei eta sozialei erregimen zeharo desberdinak aplikatu?
Egun sistemak, "gaizkilea" mendekatzeaz gain, gizartetik aldentzen duelako, bazterketa soziala bultzatuz automatikoki. Pertsona honen suntsipen morala gauzatuz eta, ausardia pittin batez esan genezake, suizidiora bultzatuz, beste arazorik sor ez diezaion sistemari. Gutxi ote dira kartzela barruan bere buruaz beste egin dutenak?
Martuteneko egoera latzak, are latzagoak izateko arrisku larria dute espetxeratuek, makro-espetxea ( agintarien hitzetan "ereduzko zentroa" ) egitea lortzen bada. Edo, zurrumurruak geroz eta indar handiagoz berresten ari diren bezala, kartzela-mundua bera ere pribatizatu egiten bada: presoen garraioa, gorilak, torturatzaile pribatuak...
Noski, norbaitek esan lezake orain baino okerrago nekez egongo direla, egungo espetxearen egoera fisikoagatik. Dena den, ez dezagun ahaztu Makro Torturategian giza harremanak oso eskasak direla, praktikoki objektu huts bihurtzen delarik presoa.
Makro-espetxearen (eta makro-merkatu beltzaren, makro-suizida taldearen, makro-negozio ilunaren...) aurkako taldetik, gizarteari galdera guzti hauen erantzunak emateko prestutasun osoa dugu. Baita egungo espetxe sistema salatzeko borondate argia ere. Benetako gizarteratze politikak proposatzeko, bultzatzeko, exijitzeko... asmo eta gogoak. Arazoen muinetik, arazoa bera jorratzeko beharraren aldarrikapena egitea, alegia.
Beraz, herritarrok, ea lortzen dugun espetxeen egungo gordintasunaz jabetzea eta pertsonen suntsipenerako pausorik eman ez dadin, alderdi horretatik, oraingoz.
Makroespetxearen aurkako taldea