[i]Euskaraz bai, pauso bat harago[/i]

Txintxarri Aldizkaria 2008ko abenduaren 5a

[i]Pauso bat harago[/i] emateko deia egin du Kontseiluak. Urrats hori emateko hitzordua abenduaren 13an 18:00etan Bizkaia Arenan izango da. Bertan, Kontseiluaren ibilbidea azaltzeaz gain, Euskaraz baira iristeko proposamena egingo digute.

1995. urtean, Egunkaria Sortzen elkarteak egindako bileran, bilatu behar dira Kontseiluaren erroak. Euskararen egoeraz kezkaturik, euskalgintzako hainbat pertsonek foro berriak sortu beharra aipatu zuten orduan, iritziak elkarri azaldu eta gogoeta egiteko topaguneak atontzeko. Hainbat bilera eta mintegi egin ziren ondoren, ordura arte egindako diagnostikoa berretsi zutenak: euskalgintzaren indarrak kohesionatzeaz eta euskararen normalizazioan jauzi kualitatiboa eragiteaz erabateko adostasuna azaldu zen.
Prozesu honen haritik, 1997. urteko martxoan Euskararen Unibertsoa Jardunaldiak egin ziren Donostian; euskalgintzari eta euskal gizarte osoari egindako deiari 400 eragile inguruk erantzun zioten eta bi egunez euskararen inguruko eztabaida mamitsuak egin ziren. Hain zuzen ere, bertatik jaso zuen behin behineko talde eragileak Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua sortzeko agindua.
Beharrezko urratsak egin eta 1997ko abenduaren 6an Durangoko Historia Museoan sortu zen Kontseilua. Geroztik, apurka-apurka, Kontseilua handituz eta bere bazkide kopurua ugarituz joan da.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak indarrez hasi zuen bere ibilbidea Bai euskarari kanpaina jendetsuarekin. Euskaltzaleek 1998. urteko abenduko egun hotz baina itxaropentsu batean, leloarekin bat egin zuten Euskal Herriko 5 kirol estadioetan batera egindako ekitaldian. Honela, 20 urte lehenago erabilitako Bai euskarari berea egin zuen Kontseiluak, baita denona ere.

Euskaraz bai

Hamar urte igaro dira ordutik. Hamaika arlotan lan egin du ordutik euskalgintzak euskararen normalizazioa lortzeko, hau da, euskaraz naturaltasunez bizitzeko. Hamaika ahalegin egin arren, Kontseiluak gaiari berrekin dio, hau da, euskararen egoera aztertu eta erronkak zeintzuk diren hausnartu du.
Oraindik lortutakoa ez da nahikoa, euskarak gaur egun ez baitu etorkizuna ziurtaturik. Haatik, euskararen normalizazioa posible dela argi dauka. Eta euskararen ezagutza eta erabilera areagotzea da klabea.
Euskaraz naturaltasunez bizitzea lortzea posiblea delako, baina horretarako euskararen ezagutza areagotu behar delako, Kontseiluak 10 urte bete ondoren Bai euskarari leloa pauso bat harago eraman du. Euskaraz bai esateko eta egiteko garaia da. "Euskaraz bai euskaldunon leloa izatea nahi dugu. Ez da Kontseiluak bakarrik esaten eta egiten duen zerbait. Euskaraz bai eguzkia denona da, euskararen normalizazioaren ardura denona delako," azaldu du Xabier Mendiguren Kontseiluako idazkari nagusiak.

BECeko jaialdia

BEC-en egingo den ekitaldiko kartelean, Neil Armstrong-ek famatua egin zuen lorratza ikus daiteke, Pauso bat harago izenburupean.
Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu bezala, "aurkeztu dugun kartelean irakur daitekeen bezala, Kontseilua, hamargarren urteurrenarekin batera, pauso bat harago emateko prest dago. Eta euskararen normalizazioaren bidean urrats sendoak eman beharra irudikatu nahi izan dugu ilargiko lorratzaren argazkiaren bitartez."
Gaineratu duenez, "urrats hori ez da Kontseiluaren azken xedea, tarte-helburua baizik. Urratsaren bitartez, euskararen normalizazio osoa eman dadin hartu beharreko konpromiso sendoa irudikatu nahi izan dugu. Baina eguzkia dugu helmuga, Euskaraz bai idatzita duen eguzki hori, alegia. Kontseiluaren helburua euskal herritar orok euskara jakin dezan da, hori baita Euskal Herrian hitz egiten diren hiru hizkuntza nagusien arteko bizikidetza egokirako bide bakarra.”
"Eguzkira iristeko bidaia hori ez da BEC-eko ospakizun ekitaldian amaitzen. Alderantziz, ekitaldi horretan hasten da benetako bidaia. Edo, hobeto esanda, BEC-en emango diogu orain arte egindako lanari jarraipena. Ezin ahantzi ditzakegu orain arteko lanen ondorioz jasotako uztak. Baina inongo uztarik oparoena jasotzeko, ezinbestekoa da eguzki horren izpiak indartzea, Euskaraz bai esan eta eginez. Horregatik, BEC-en hasi eta datozen urteotan, Kontseiluak abiaraziko duen ontzira igotzeko deia luzatu nahi diegu euskal herritar guztiei."
"Gaur hizpide izan dugun mezua ikusgarritasunez irudikatuko dugu abenduaren 13an, arratsaldeko seietan, bertaratuko diren lagunen aurrean. Euskalgintzak orain arte egindako lanaren atzera begirakoa egiteaz gain, Euskaraz bai eguzkira bidean jarriko gaituen ontzi bilakatu nahi dugu Bizkaia Arena. Doako ekitaldia izango bada ere, sarrera eskuratzea beharrezkoa izango baita. Milaka lagunentzako tokia dago ontzi honetan, eta nahi duen oro gonbidatzen dugu bidaiaren hasiera izango den ekitaldira etor dadin," aurreratu du Xabier Mendigurenek.

Ttakunek autobusa

Abenduaren 13an, Kontseiluak, ekitaldi jendetsua deitu du 18:00etatik aurrera, Barakaldoko BEC-en. Horregatik jaialdira joan nahi duen lasarteoriarrek aukera paregabea dute, Ttakunek autobusa jarri baitu. Autobus txartelak 14 euroko balioa du eta abenduaren 10a arte erosi ahalko dira.
BECeko ekitaldia doan izango bada ere, sarrera eskuratzea beharrezkoa da. Horretarako hiru aukera daude, bata Ttakuneko bulegora gerturatu, bigarrena nierebanoa.com webgunean eta, azkenik, 902 82 02 40 telefono zenbakira deitzea. •