Mikel Laboa guztion gogoan

Txintxarri Aldizkaria 2008ko abenduaren 5a

Kantuz sortu eta kantuz bizitakoa, txoriak ihes egin digu, Mikel Laboa abeslaria astelehenean hil zen. Euskal abeslari estimatua eta herriak maitatua, bere heriotzak hainbat erantzun izan ditu, baita Lasarte-Orian ere.
Astelehena iluntzean, bere kantuak abesteko zenbait herritar elkartu ziren Jalgi kafe antzokian. Mikel Laboari agur esateko, edo hobeto esanda berak eginiko lan guztia eskertzeko asmoz elkartu ziren. Modu inprobisatu eta informalean, Laboaren abestien letren aukeraketa bat egin, gitarra hartu eta, hala nola, Pasaiako herritik, Txoria txori, Gure bazterrak edo Ama hil zaigu abestu zituzten.
Bestalde, Lasarte-Orian, Eusko Treneko geltokian eta eliza ondoko etxe berrien aterpean pintadak agertu dira. Mikel Laboaren Herria eta hizkuntzako pasarte bat da. Bukaeran guztion sentimena: Agur eta ohore Mikel!! •