Neurri berezien akordioa Michelinen

Txintxarri Aldizkaria 2008ko abenduaren 5a

Lehengo astean Michelin Espainiako zuzendaritzak ibilgailuen, sektoreko ekoizpena eta salmentaren jaitsiera dela eta, Estatuko filialei ikuspegi beltza agertu zien. Michelinek ez du enplegua erregulatzeko dosierrik aurkeztuko, ezta behin behineko kaleratzerik egingo ere. Hala ere, neurri bereziak aurkeztu dizkie enpresa komiteei.

Michelin-Lasarteko zuzendaritzak proposamena ostiralean egin zion enpresa komiteari. Honetan, 2009an sistema aldakorretako langile bakoitzeko 30 edo 15 eguneko jarduera eza eta 15 egunekoa beste sistemetan eta ordu hauek hurrengo urteetan enpresak behar duenean sartu beharko dituzte.
Hau onartzeak egutegi eta lan sistema malgutasuna dakar, izan ere, enpresa eta egoeraren beharretara moldatu beharko baitira langileak. Gainera, jarduera eza egunak 48 orduko tartearekin jakin araziko zaizkie langileei.
Enpresak dionez, neurri hauei esker, ez da soldata jaitsierak, kaleratzerik edo neurri zorrotzagorik egongo 2009ko urte bukaera arte.
Asteartean, akordioa aurrera atera zen CCOO, UGT, ESK eta CSIren botoei esker, ELA abstenitu zen eta LAB kontra agertu zen.

Sindikatuen iritzia

Sindikatu desberdinekin jarri gara harremanetan akordioari buruzko iritzia jakiteko eta hauek dira izan ditugun erantzunak.
"Enpresak ez du konpromisorik hartu egitean neurri traumatikoak hartu ahal ditzake. Txeke zuria eman zaio, ezeren truk," adierazi digu Jon Martin LABeko enpresa komiteko kideak, baita "garbi dugu neurri honek ez duela ezer bermatzen. Behar izanez gero, egoerak okerrera egiten badu, enpresak neurri zorrotzagoak hartuko dituela uste dugu."
Honekin batera proposamena onartu duten sindikatuei kritika egiten die LABek. "Enpresak beldurra sartu du eta hauek proposamena onartu dute." Bestalde, ESKren baiezkoa azpimarragarria dela deritzo, "jarrera aldatu du, sindikatuaren gainetik beste interesak jarri dituztela uste dugu."
ESKak ere bere jarrera argudiatu du. "Mundu osoan langileak bortizki astintzen dituen krisi kapitalista bizi da. Euskadin eta Estatu osoan mila dira langabeziako zerrenda betetzen duten ibilgailuen industria, zein eraikuntzako langileak, bai enpresen ixteagatik edo enplegua erregulatzeko dosierrengatik. Gainera, oraindik ez da, borroka mailan, indar korrelazioa langileen alde jarriko duen erantzun orokorrik eman, langileok krisiaren pairatzaile izan ez gaitezen," dio igorri diguten testuan.
Eta honela jarraitzen du, "egoera honetan Michelinek proposamena egin zuen eta, enpresak dioenez, honi esker neurri zorrotzagoak hartzea enplegua ekiditen du, hala nola, enplegua erregulatzeko dosierra. Honela egoera aztertu, sail sindikalean egon diren eztabaida eta langileen iritzia jakin ostean, akordioaren alde agertu gara eta sinatu dugu, neurri zorrotzagoak, soldata jaitsierak edo kaleratzeak esate baterako, ekidin nahian, baina neurri hauek ezartzen saiatzen badira hauek atzera botatzeko biziki borrokatuko genuke." •