Kirol apustu marka berria martxan dago Jackpot aretoan

Txintxarri Aldizkaria 2008ko abe. 10a, 01:00

Jackpot joku aretoan kirol apustuak egiteko marka berria, Garaipen Victoria Apustuak, aurkeztu zuten Genaro Arroyo eta Mariam Vicente aurreko ostiralean. Aurkezpenean Pedro Torrecilla, Euskadiko joku aretoen elkarteko lehendakaria eta Garaipen Victoria Apustuak taldeko ordezkariak egon ziren, Mikel Diez, Koldo Ponzas eta Jon Atorrasagasti.

Apustu marka honek aurreko urtean Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE) kirol apostuak kudeatzeko lizentzia eskuratu zuen eta EAEn 66 egoitza desberdinetan sartu nahi dute apustu marka hau. Aurreko astean, Arabako lehena aurkeztu zuten Gasteizen eta Gipuzkoako lehena Lasarte-Oriako Jackpot egoitzan aurkeztu zuten. Gipuzkoako lehen apustua ere bertan egin zuen herritar batek, 0-3 Errealaren alde Alicanteren aurkako partidan.

Zuzeneko apustuak

Apustuak egiteko aukera zabala eskaintzen du marka honek. Kirol guztiak jasotzen ditu, baita zaldien eta galgoen lasterketak ere. Jon Atorrasagastik azaldu zuenez, "marka honek apustuak egiteko aukera berri bat eskaintzen du, zuzeneko apustuak".
Zaldi karrerak, estropadak, futboleko partidak, saskibaloia edo pilota partidak jokatzen diren bitartean apustua egiteko aukera eskaintzen dute. Apustu guztiak enpresaren aurka egiten dira, gutxieneko apustua 0,20 eurotakoa da, gehienez 100 eurotakoak eta apustu arrunta euro batekoa da.

Abantailak

Atorrasagastik Garaipen Victoria Apustuak markak beste kirol apustu markeekiko desberdintasunak eta abantailak zehaztu zituen ostiraleko aurkezpenean: batetik, apustu konbinatuetan emaitza guztiak asmatu ez arren, hau da hirutik bi asmatuz gero kobratzeko aukera eskaintzan du; bestetik, konpetentziak eskaintzen ez dituen bi kirol mota eskaintzen ditu: zaldiak eta galgoetako lasterketak; sariari dagokionez, egoitzan bertan metalikoan kobratu daiteke, 300 euro baino gutxiagoko sariak; eta azkenik, bezeroari arreta pertsonalizatua eskaintzen zaio.•