Parte hartu duten establezimenduetan jasotako txartel guztiak sartu dira bigarren zozketa honetan, eta irabazleak ondorengoak izan dira: Maria Pilar Retegi Retegi, hernaniarra eta Hernaniko Zikuñaga auzoko "Autoservicio Laura", irabazleak ogia erosi zuen establezimendua.
Irabazleek Donostiako Arzak jatetxean bi lagunentzako afaria irabazi dute. Saria erakargarria den arren, "ez dezagun ahaztu helburu nagusia plastikozko poltsen kontsumoa arras murriztea dela, eta horretarako, gure poltsa eramaten jarraitu behar dugula etxetik", gogora arazi nahi dute Mankomunitatetik.
Partehartze zabala
Okindegietako kanpainak oso harrera ona izan duela jakinarazi dute San Markosetik: "Oso harrera ona egin diote kanpainari ogia saltzen duten establezimendu zein bezeroek". Parte hartzeari dagokionez, "erosleen partehartzea oso handia izan da. Izan ere, 192.000 partaidetza-txartel baino gehiago jaso dira kanpainan parte hartu duten 316 establezimenduetan".
Antolatzaileek kanpainan parte hartu duten guztiak eskertu nahi dituzte: "gure esker onik zintzoena kanpainan parte hartu duten establezimenduei eta ogia erosteko plastikozko poltsak erabiltzeari utzi dioten bezero guztiei. Hondakin gutxiago sortzeko pizgarria da saria, prebentzio-lan hori baita San Markos Mankomunitatean sustatutako jarduera horren eta beste askoren ardatz nagusia".•