Lasarte-Oriako Udaleko Gazteria eta Festetako sailak herriko bost eta zortzi urte bitarteko neska eta mutilentzat Errege Magoentzako Gutunen I. Lehiaketa antolatu du. Udaletxetik helarazi duten informazioaren arabera, lehiaketa honen helburua "gaztetxoenek beren ametsak, ilusioak, nahiak, eta abar azaltzea da".
Lehiaketak oinarri batzuk jasotzen ditu, besteak beste: eskutitzak euskaraz edo gaztelaniaz idatzi ahal izango dira, baina, gehienez ere mila karaktere izan beharko dituzte eta antolatzaileek parte hartzaile bakoitzeko gutun bakarra onartuko dute. Gutunaren amaieran haur bakoitzak bere izen-abizenak, adina, helbidea eta harremanetan jartzeko telefono zenbakia jarri beharko ditu.
Gutun guztiak Lasarte-Oriako Gazte Informazio Bulegoan, kulturetxean, abenduaren 31a bitartean jasoko dituzte.