Gero eta areto gehiago dantzarako

Txintxarri Aldizkaria 2008ko abenduaren 11

Lehengo larunbatean Ttakuntronikek berriro ere dantzaleku bihurtu zuen Lasarte-Oria. Lau areto, lau DJ, lau estilo desberdin eta, hau guztia, herritarrak dantzan jartzeko asmoarekin.
Oraingo honetan, ohikoak diren hiru aretoetan, Siglo XX taberna, Jalgi kafe-antzokia eta Obelix tabernan eta berraurkitutako areto batean, Abend kafe-antzokian, antolatu dira emanaldiak.
Siglo XX tabernan hip hopeko old school erritmoen emanaldia eskaini zuen des296 DJak; DJ Ka 100% Gourmetek, berriz, Obelix taberna hip hop erritmoez bete zuen, eta Aritz Sound Systemek musika beltza, hau da, reggae, rap, funk eta afrobrasildar doinuak eraman zituen Jalgi kafe-antzokira.

Abend kafe-antzokia

Era berean, berrikuntza handia izan du hil honetako saioak. Izan ere, Abend kafe-antzokiak estreinakoz parte hartu baitu Ttakuntroniken areto moduan.
Bertan, erritmo beroak entzun ahal izan ziren gora! DJaren eskutik.
Orokorrean jende ugari bildu zen areto guztietan DJen emanaldiak entzun eta musikaz gozatzera. •