Lasarte-Oriako judokak arrakastaz arrakasta

Txintxarri Aldizkaria 2008ko abenduaren 11

Herriko judokak ez dute etenaldirik hartzen eta horregatik sarien uzta handitzen doa. Oraingoan, azaroaren 29 eta 30ean jokatutako lehiaketen emaitzak helarazi dizkigute.

Roberto Manuel Artola lasarteoriarrak Gipuzkoako txapelketako senior mailako zilarrezko domina eskuratu zuen 73 kilo azpiko atalean.
Azaroaren 30an, igandean, Tolosako Usabal polikiroldegian jokatu zen txapelketan, Judo klub Lizardi-Zarautzeko judokak merezizko bigarren postua lortu zuen.
Robertok hilabeteak zeramatzan txapelketa prestatzen eta azkenean finalerako sailkapena lortu zuen igandean. Bertan, Usurbilgo Judo Klubeko Aitzol Arrospideren aurka lehiatu zen eta iponez galdu zituen urrea lortzeko aukerak.

LOKEko judokak

Oso asteburu interesgarri izan dute LOKEko judokek azaroaren 29an infantil mailako nazioarteko txapelketan parte hartu zuten eta azaroaren 30an, berriz, alebinek Gipuzkoako txapelketako lehenengo sailkapen egunean.
Valladoliden Gaztela eta Leongo infantil mailako II. Nazioarteko Lehiaketan hartu zuten parte. "Oso emaitzak onak lortu genituen" aipatu digu Gorka Aristegi LOKEko entrenatzaileak.
Kiara Tobajasek, Mario Garridok eta Abayuba Gutierrezek brontzezko domina eskuratu zuten. Kiarak bi borroka irabazi eta azken 5 segundotan finalaurrekoa galdu zuen, Garridok bi irabazi eta bat galdu eta Abayubak, berriz, hiru irabazi eta bat galdu.
Esteban Martinezek bi borroka irabazi zituen eta epailearen erabakia dela eta finalaurrekoa galdu eta 5. postua eskuratu zuen.
Bestalde, Josu Olmos, Imanol Gonzalez, Iñigo Matxain eta Unai Giraldok ez zuten zorterik eduki.
"Oso ondo pasa genuen Valladoliden eta benetan gustura gaude egin genuen lanarekin," adierazi digu Gorka Aristegi entrenatzaileak.
Igandean, berriz, alebinek, Haritz Urdangarin, Alex Salsamendi, Fermin Balda, Asier Zubizarreta, Ander Curiel eta Oscar Garrido Tolosan Gipuzkoako txapelketarako lehenengo sailkapen saioan parte hartu zuten.
"Denak klasifikatu ziren eta benetan oso judo polita egiten," aitortu du LOKEko entrenatzaileak. •