Udazkena gaia izanik, Tomas Fernandez VII. Argazki Rallyko lehiakideek urriaren 23tik 27ra izan zuten argazkiak atera eta Etxarri argazki dendan aurkezteko. Asteazkenean, jakin ziren Argazki Rallyko sarituak Manuel Lekuona Kultur etxeko kafetegian egin zen ekitaldian.
Jesus M. Zaballos Gazteria eta Festetako batzorde burua izan zen sari banaketaren arduraduna. Honela, gazteen mailan sorta onenaren saria Carlos Aizpurua lasarteoriarrak eskuratu zuen eta argazki onenaren saria, aldiz, Donostiara joan zen, Raul Alegre gaztearentzat, hain zuzen ere. Helduen mailan, herritarra den Ricardo Diezek jaso zuen sorta onenaren saria eta Severiano Iglesias billabonatarrak, berriz, argazki onenarena.
Epaimahaia honakoek osatu zuten: Esteban Etxarri, Txema Valles, Olatz San Sebastian Miguel Angel Quintana, Tomas Fernandez eta Jesus M. Zaballos. Lan gogorra izan dutela aitortu zuen Gazteria eta Festetako buruak, "maila handia egon da aurtengo lehiaketan, ez bakarrik argazkien kalitateagatik, baizik eta egin diren konposizioengatik ere."
Honetaz gain, VII. edizio honetan parte hartzea handia izan zela azpimarratu zuen. Izan ere, haurren kategorian 5 partehartzaile egon baitziren eta helduenean, berriz, 25. Sariak banatu ostean, Jesus M. Zaballosek hurrengo urteko lehiaketan partehartzera dei egin zien guztiei.
Erakusketa
Era berean, VII. Argazki Rallyan parte hartu duten argazkien erakusketa ireki zuten. Hauek hilaren 17ra arte egongo dira ikusgai kultur etxeko kafetegian, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 21:00etara. •