LAB sindikatuak, krisiak langileengan eta herritarrengan duen eragina salatzeko, manifestaziorako deialdia egin du bihar larunbaterako. Manifestazioa Andoaingo Zumea Plazatik abiatuko da eguerdiko 12:00etan. "Krisi erreala herritarrok sofritzen dugu eta honen aurrean erantzun sindikala eta soziala indartu behar da guztion aldarrikapenak defendatzeko, hau da, lana eta aberastasunaren banaketa gehiengo sozialaren interes orokorra bermatzeko".
Sindikatuko kideek kezkatuta daude krisiak inguruko enpresetan duen eraginarekin eta ondorioz bertako langileek sofritzen ari direnarekin: "krisiaren eraginez nabariak dira Donostia, Hernani, Lasarte-Oria, Usurbil eta Andoaingo enpresetan sortutako ondorioak. Went-Thermik, Cortusa, Inquitex, Marmoles Onak, Plastigaur, Euskal Mar, Michelin eta Luzuriaga esaterako, baina arazoak dituzten enpresen zerrenda oso azkar luzatzen ari da."
LAB sindikatutik helarazi duten komunikatuan Administrazioetatik krisiaren aurrean hartzen ari diren neurriak salatzen dute: "enplegua, lanpostuak murrizten eta lan baldintzak kaskartzen ari dira. Honen aurrean hartzen ari diren neurriak enpresak eta bankuak babesten dituzte. Garai onak edo txarrak izan, etekinak egon ala ez, erreformak eta neurriak beti langileon kalterako dira".
Komunikabideen jarreraren aurrean ere kritiko agertzen dira: "komunikabideen eraginez, badirudi krisia bankeroena edota patronalena dela. Baina, agerian utzi behar da besteek sortutako krisiarengatik kaltetuenak langileok garela.” •