Gazteentzako gaueko aisia ekimenak Ostarte Gazte taldearen eskutik

Txintxarri Aldizkaria 2008ko abenduaren 12a

Ostarte Gazte Taldeak larunbata honetan 14 eta 17 urte arteko gazteentzako aisia proposamena aurkezten du. Gazte Taldearen ideia jokoetan oinarritutako aisia eskaintzea da, hala nola, bideo-jokoak, mahai-tenisa, futbolina edo mahai jokoak.
Era honetara, aukerazko aisia ekimen honetan gazteek une dibertigarri eta atsegina igaro ahalko dute, 22:00ak eta gaueko hamabiak artean, Zumaburuko eliza azpiko lokalean.

Jarraipena

Gaueko ekitaldien programak iaz hasitako bidea jarraitzen du. Ostartek egun gazteentzat herrian dagoen gaueko aisialdi eskaintza urria ikusirik, taldeak Lasarte-Oriako gazteentzako gunea eskaintzen du, non giro atseginean eta onuragarrian egon daitezen.
Honen erakusle, duela hilabete batzuk Sasoetako ikastolan egindako areto-futbol partiden gaueko ekintza dugu, bertan 60 gazte baino gehiago bildu ziren.

Egutegia finkatu

Era berean, Ostarte Gazte Taldearen nahia ekintza egutegia egitea da. Honetan gazteen aukerazko aisia eskaerei erantzuna ematen saiatuko dira, hauen zaletasunei ongi dagokien ekintzak zehaztu eta antolatu ostean. •