VII. Multimusikalaren CDa salgai

Txintxarri Aldizkaria 2008ko abe. 12a, 01:00

7. Multimusikala abenduaren 27an ospatuko da, baina giroan sartzeko antolatzaileek CD bat argitaratu dute jaialdian parte hartuko duten herriko, zein kanpoko taldeen abestiekin, Gaueko Itzalak, Ostikua potrotan, Yaw edo Musikberberena, esate baterako.
Gainera, lan honetan jaialdirako propio egin duten kantu bat ere aurkitzen da Multimusikala, eta bertan antolatzaileek dioten bezala "norbaitek galdetzen badu zer den Multimusikala, Lasarte aldera etorri eta berak esplika dezala!"
Antolatzaileek Cd honen karatulan dioten bezala, "urte luze hauetan jaialdia aurrera ateratzen lagundu dieten guzti horiei eskaini nahi dizuegu lan hau: Txorimalon izan diren herriko gazte guztiak, jo ta su lanean, gelditu gabe, sator atomikoz osaturiko ejertzitoa bailitzan, zuek gabe ezinezkoa litzateke. Urte hauetan jaialdian parte hartzen izan diren lagunak, diren herrikoak direla, gure mezua ulertu eta gozatu dutelako, gure egia, bizi daitekeela erakutsiz. 7 urte luzetan partea hartu eta askotan fijo bihurtu arte errepikatu duzuen taldeak, Haritz Sound System, Bad Sound System, Stamer, Donostiako Break dantzariak, Gasteizko kapoeira egitera etorri ziren haiek, hainbatetan graffitiak egin dituzuen artista anonimoak, era guztietako musika taldeak (luze joko liguke denak aipatzeak, izan ere, 7 urtetan 80 bat taldek parte hartu dute) urte guzti hauetan parte hartu duten tabernei, Xirimiri, Ilargi, Ostatu-berri, Udaberri, Txepetx Kabi, Txiki jai, Insausti, Jalgi, Sustrai, Obelix, Mendi Rock, Siglo XX, Garai..."
Multimusikaleko Cda Durangoko azokan egon zen salgai. Oraindik eskuratu ez baduzue,herriko tabernatan erosteko aukera daukazue. Artizarren, Jalgi kafe-antzokian, Udaberrin, Xirimiri elkartean, Sustrain, Obelixen eta Ilargin aurkituko duzue. Hau guztia 5 euroren truke.

Egitaraua eta berrikuntzak

Asteleheneko zenbakian Multimusikalari buruzko informazioa gehiago eskainiko dizuegu, hala nola, egitaraua eta berrikuntzak.•