Epailearen erabaki batek sortutako istiluek ekarri zuten jubenilen partidaren etetea. Texaseko jokalari eta epailearen arteko hika-mikek Texas Lasartearrakeko hainbat jokalarien kaleratzea izan zuten erantzun gisa eta taldeko sei jokalari soilik geratu ziren zelaian. Beraz, partida bertan behera uztea erabaki zuen epaileak.
Erregionaletan, berriz, Ostadarrek 1 eta 7 irabazi zion Texas Lasartearrari. Lehenengo zatian Koldo Ageitosen mutilek Ostadarreko mutilak ongi eusten jakin zuten. Zoritxarrez, defentsaren bi huts Ostadarren gol bihurtu ziren. Hala ere, Texas Lasartearrak erantzuten jakin zuen eta atsedenaldira iritsi baino lehen Raulek errenta txikitu zuen.
Bigarren zatian, aldiz, Ostadarrek gol aukerak ongi aprobetxatu zituen eta errenta pixkanaka handitu zuen azken emaitza 1 eta 7a izanik.
Igoera faserako sailkapena
Derbi hauek maila hauetako azken-aurreko jardunaldian burutu ziren eta asteburu honetan igoera faserako taldeak zeintzuk ziren jakingo zen.
Erregional mailan, multzo bakoitzeko 5 taldek egiten zuten aurrera eta jubeniletan, taldeko hiru lehenak bat ezik, hau da, hirugarren postua eskuratu dutenen artean puntuazio txarrena duenak ez zuen igoera fasea jokatzeko aukerarik.
Hau honela izanik, sailkapena aztertu eta asteburu honetako emaitza kontuan izan gabe, Ostadarreko taldeek hurrengo faserako txartela eskuratua zuten dagoeneko.
Honela, presio gabe joan ziren jardunaldi honetako partidak jokatzera. Honela, II. erregionaleko taldeak Juventudes de Americari 14 eta 0 irabazi zion eta jubenilek, berriz, 2 eta 1 galdu zuten Urnietaren aurka.
Texasekoek zorterik ez
Texas Lasartearrakeko erregionalak multzoko laugarren postuan zeuden, baina arerioak gertu zituen, Usurbil puntu batera eta Ordizia 3 puntura. Beraz, Koldo Ageitosen mutilak sailkatzeko Usurbilen garaipena lortu behar zuten.
Tamalez, partida 6 eta 4 galdu zuen eta Ordiziak berea irabazi. Era honetara, Usurbilek Texas gainditu du sailkapenean eta Texasen eta Ordiziaren arteko berdinketa dago. Federazioak erabaki beharko du, golen arabera, zein taldek jokatzen duen hurrengo fasea.
Jubenilen kasuan, Lazkao-Hernani partidako emaitza erabakiorra zen aurrera egiteko. Lazkaok galdu eta Texasek irabaziz gero jubenilek igoera faserako txartela eskuratuko zuten.
Texas Lasartearrakeko jubenilek egin beharreko lana egin eta Amaroz 5 eta 2 garaitu zuten. Zoritxarrez, Lazkaok 3 eta 2 garaitu zuen Hernani eta jubenilek igoera jokatzeko aukerak galdu zituzten. •