Kalean baino, hobe jokoan

Txintxarri Aldizkaria 2008ko abenduaren 15a

Gazteentzako gaueko aisia bultzatu nahi du Ostarte Gazte Taldeak eta horretarako hainbat ekintza burutu ditu urtean zehar. Larunbata honetan joko aretoa antolatu zuen Arantzazuko Amabirginaren eliza azpiko lokalean eta hainbat gazte hurbildu ziren ongi pasatzera.

14 eta 17 urte arteko gazteei zuzendutako deialdia egin zuen Ostarte Gazte taldeak. Helburua nerabeen gaueko aisia bultzatzea eta hauek giro onuragarrian une atsegina eta dibertigarria pasatzea.
Oraingoan, jokoetan oinarritutako ekintza izan da. Bideo-jokoak, hala nola, Sing star edo Eye toyko talde jokoak, mahai-tenisa, futbolina eta dardoak gazteen eskura egon ziren gaueko 22:00etatik gauerdira arte.

Irakurketa baikorra

Ekimenaren antolatzaile den Ainara Elizetxearekin hitz egin dugu eta irakurketa baikorra egin digu ekintzari buruz.
“Hogei bat gazte bildu dira gaur hemen. Bartzelona eta Madrilen arteko futbol partida eta eguraldi kaxkarrarengatik, gutxiago espero genituen,” aipatu digu Ainarak.

Ekimenarekin aurrera

Honetaz gain, ekimenarekin jarraitzeko asmoa dutela adierazi digute Ostartekoek.
Udazken eta neguan gaueko aisia leku itxietan egiteko asmoa dute Ostarte Gazte taldekoek eta udaberri eta udara partean, eguraldia hobera doanean, berriro ere kanpoko ekintzak egingo direla aipatu digute.
“Aurreko batean bertan behera utzi behar izan genituen saskibaloi partidak jokatzeko daude. Baina eguraldia hobetzen denean izan beharko,” esan digute antolatzaileek. •